Baratze eta soroak hilerri bihurtu zirenekoa

2020/03/30
Egoera berezi honen aurrean, gure historia, kultur ondarea eta museoak denontzat irekita egoten jarrai dezaten, Igartubeititi Baserri Museotik ahaleginetan jarraitzen dugu. Hori dela eta oraingo honetan gure historian zehar gertatu diren beste antzerako epidemia batzuk ekarri nahi ditugu gogora. Nola eragin ote zien XV, XVI eta XVII. mendeetako euskal baserritarrei gaur bizi dugunaren antzerako epidemia larriek?

Euskal Herrian nekazari, artzain eta baserritarrei modu berezian eragin zien bi epidemia gogor ekarri nahi ditugu gogora: Izurri beltza eta Izurri Atlantikoa. 

Ezaguna da Erdi Aroan XIV eta XV. mendeetan Europa guztia hankaz gora jarri zuen epidemia larria: izurri beltza alegia. Berau XIV. mendean hasi eta ia XVII-XVIII. mendera bitarte aldiro- aldiro agertzen zen epidemia izan zen, eta biztanleriarengan sekulako sarraskia eragin zuen. Orduko Europako populazioa %40 murriztu zen. 

Dakigunaren arabera, izurri beltza lehen aldiz XIV. mendeko bigarren erdialdean, udara aldera  iritsi zen Euskal Herrira. Mende haietan hiriek berpiztekunde handia izan zuten eta landa eremuarekin harreman zuzena zutenez,  merkataritzak garrantzi handia hartzea eragin zuen, eta bide batez izurria zabaltzen ere lagundu zuen. Esate baterako, ezin da ahaztu, Santiago edo Done Jakue Bideak Euskal Herri osoa zeharkatzen zuela, eta ondorioz baliteke izurria bertatik sartu izana; bai Nafarroa aldetik eta baita kosta aldetik ere, Gipuzkoa eta Bizkaian zehar. 

XIV. mendean oraindik ere nekazalgoa ez zen gaur ezagutzen ditugun baserrietan bizi. Igartubeiti bezalako baserriak eraikitzeko beste mende bat igaro beharko da oraindik. Ipar isurialdean mendi eta basoen magaletan bizi ziren nekazari eta artzainak, beste batzuk berriz, eta batez ere hego isurialdean, herrixka txikietan. 

Izurrite honek ez zien modu berean eragin orduko gizartea osatzen zuten talde sozial ezberdinei. Esate baterako, nekazalgoak gorriak ikusi behar izan zituen. Izurriteak aurrez biologikoki ahulduta zeuden nekazariekin ez zuen gupidarik izan. Urte haietan gertatu ziren eguraldi aldaketen ondorioz  uzta kaxkarreko sasoiak izan ziren eta gosete asko eragin zituen. Gainera, nekazalgoaren egoera sozial eta politikoa ere ez zen xamurra jauntxoek agintzen zuten sistema feudal hartan, eta izurritearen eraginez egoera are larriago batekin topo egin zuten. Honen aztarnak Gebara leinuak, Gipuzkoako eta Arabako familia-leinu boteretsuenetako bat, nekazariei ezarri zizkien neurri gogorretan topa ditzakegu:

  • Errentak garestitu zituen: bai dirutan eta baita espezietan ordaindu beharrekoak ere. 

  • Basoaren ustiepaenari zergak ezarri zizkion.

  • Bere lurretako garia erostera eta bere jabegoan zeuden errotak erabiltzera behartu zituen herritarrak. 

Egoera honen ondorioz, laborantzarako erabiltzen ziren lur asko bertan behera utzi behar izan zituzten, eta Nafar Erresumako eta Araba eta Bizkaiko zenbait herrixka ustu egin ziren. Ez da harritzekoa ondorengo urteetan han hemenka nekazarien matxinadak ugaritu izana. Bizi zuten ezinegonaren erakusgarri dira.

Baina Euskal Herriko baserritarrak gogorren astinduko zituen izurritea geroago etorri zen, 1597an alegia. XVI. mendean gizarte eta ekonomian zenbait eraldaketa ematen hasiak ziren, Aro Modernoari ateak irekiz. Askoren ustez, Euskal Herriaren urrezko aroaren garaian gaude, Nafarroako Erresumaren konkista gertatu zen garai honetan. 

Testuinguru honetan, XV. mendetik hasita, sortu ziren Euskal Herrian Igartubeiti bezalako milaka baserri. Badirudi, aurreko mendeetako krisiak atsedena eman ziela gure baserritarrei, eta gaur gure bizileku, lantoki eta museo diren etxe eder ugari egiteko eta gure bazterrak lantzeko moduan izan ziren. Ameriketako konkistak eta honek ireki zituen mundu eta merkataritza bide berri haiek, baserrietan ere bazuen eragina. Nola hornitu zitekeen bestela geroz eta baliabide gehiago behar zituen Inperioz osatutako gizarte hura?

Baserritar horiek, beraien baserri horietaz gozatzen hasi bezain laster, 1597. urte inguruan beste izurri baten erasoaldia pairatu behar izan zuten, Izurri Atlantikoa bezala ezagutzen dena. Oraingo honetan, izurria itsasoz iritsi zen Euskal Herrira. 1596ko neguan “Rodamundo” izeneko itsasontzia Santanderreko kaira iritsi zen, arkakusoz betetako ohial eta arropa ugari zekartzan Flandesetik. Ohial  hauek hiribilduetako merkatu eta azoketan saltzen hasi orduko zabaldu zen izurritea. Lehenik hirietan, eta ondoren herri eta landa eremuetan. 

Gainera aurreko urteetako zenbait gertakarik, 1593ko uholdeak errota, soro eta abere ugari suntsitu zituen, eta 1594. urtean gosete handiak izan ziren. Beraz, Izurri Atlantiarrak orduko baserritarrak babes handiegirik gabe harrapatu zituen. Esate baterako, Izurriteak Oñatin sekulako anabasa eragin zuen edota Igartrubeititik gertu, Legazpiko Mirandaola burdinolan langile guztiak hil ziren.

Izurriaren eragina izugarria izan zela erakusten dute garaiko kronika ezberdinek. Epidemiari ihesi, garaiko aristokrazia landa eremuetan zituzten jauregi eta etxeetan gotortu zen. Baserritarrak ordea, beraien etxeetatik irten gabe egotera derrigortu zituzten, lehio eta ate denak itxita mantendu behar zituztelarik. Dozena bat lagun denak elkarrekin etxean, higiene handirik gabe. Kandelen argipean egon beharko zuten. Eta ez,  ez zuten balkoietako bingo jolasik edo musika kantaldirik. Nola igaro ote zituzten Igartubeitin egun haiek? 

Eta ondorioz,  baratze eta soroak landu gabe geratu ziren.   Gari eta gainerako uztak soroetan usteldu ziren. Edota geratzen zen gari apurra jauntxoek eskuratu zuten, eta prezioekin espekulazio ugari egin zituzten. Nork hornituko zuen orduan gosez eta gaisotasunaren bildurrean zegoen gizarte hura? Eta gaur, zein dira gure elikadura oztopatu ez dadin lanean jarduten dutenak? 

Mende haietako egoeraren larritasuna aipatzen dute hainbat kronika edo idatzik. Horietako batzuk esaten dutenez landatu gabe gelditu ziren soro eta baratzeak hilerri bilakatu ziren.  Abereak berriz nagusi edo artzainik gabe libre zebiltzan baserri inguruetan, inongo kontrolik gabe. Garai honetan San Roke eta San Sebastian santuen inguruko gurtzak eta prozesioak areagotu egin ziren. Hauek gizakia, ganadua eta uztak izurriteetatik babesten dituzten santuak baitira. 

Gurera etorrita, Igartubeitiren kasuan, XVI. mendeko azken urteetan eta XVII. mendeko lehen urteetan, bertan bizi zen Kortabarria familia dirudienez egoera estuan zebilen. Dokumentuek erakusten dutenaren arabera, Joan Kortabarria Igartua etxeko jauna zen garai horretan, Igartubeitiko seme guztiak hil ziren eta ondorioz, lurrak lantzeko lan indarrik gabe geratu zen baserria, eta honek ia ia nekazaritza lan guztiak alboratu beharra ekarri zien. Abelazkuntzari ekin zion orduan Igartubeitik, inguruko baserritarrekin irabaziak banatzeko egin zuten tratu bati esker. Badirudi beraz, zuzenean ez bada ere, izurrite hark Igartubeitiko sendiari ere eragin izana, baserriko produkzio moduak eraldatzeraino. Izurritearen urte haietan, Igartubeitin behintzat ez zuten sagardo faltarik izango. 

Urte gutxiren buruan ordea, Kattalin oinerdeko izendatu eta baserrira haize berriak iritsi ziren.  Izurriak eragindako goseteei aurre egiteko Ameriketatik iritsi berri ziren arto eta babarrunak ereiteari ekin zioten elorri zuria loratu orduko.