Azaroa Igartubeitin

2019/11/03
Azaroko hilabeteak udazkenean erabat murgildu gaitu, azken txanpan sartzeraino. Sagar lanak egin da, baserria azkeneko uztak jaso eta bere barnean ongi jasotzeko ahaleginetan ibiliko da, ganbarak erruz betetzerarte. Sinesmenek ere izango dute zeresana azaroan, arimari lotuta. Eta aldi berean baratzea negurako landareez beteko dugu, eta baita haziez, azaroa “hazi-aroa” baita. Ingurunea berriz azken hostoak galtzen hasiko da, baina hostoaz gain gure lurrak ezkurrez beteko dira, kirris-karras gure oinpean eta txerrien ahotan ibiltzeko...

BARATZEA

Sasoi honetan jada neguko baratzeari lekua egiteko azken uztak jasota behar ditugu. Uzta horien artean, bada bat historikoki garrantzi izugarria izan duena, batez ere Euskal Herri atlantiarreko baserrietan: artoa.  Beraz jaso artaburu guztiak ganbarara eta ekin artazuriketari.

Askok dakiten moduan, XV. mende amaieran hasi zen kontinente amerikarreko konkistaren ondorioz iritsi zen artoa Euskal Herrietako soroetara,  beste hainbat produktu, aberastasun, espezie edo objektu berri edo ezezagunekin batera. Hala ere, artoa labore bezala erabiltzen hasi arteko errotze prozesua ulertzeko, duela 500 urteko baserritarren azalean jarri beharko genuke. Izan ere, beraientzat inoiz ikusi gabeko landarea zen, ez zekiten ongi zer izan zitekeen edota zertarako erabili zitekeen ere. Are gutxiago nola erein, landatu edota uzta jasotzeko garai onena zein zen ere ez zekiten.  Zer egin orduan landare horrekin? Honela hasiera batean herriak mesfidantza agertu zuen urrunetik ekarritako landare arrotz horrekiko.

Lehenik eta behin, esan daiteke jauntxoek eta gizartearen eskalan goi mailan kokatzen ziren jendeak erabili zutela artoa,  landare berezi honekin esperimentatzen hasi ziren, beraien etxe inguruak apaintzeko eta atzerritik ekarritako landare exotikoen jabe zirela erakusteko.  Baina piskanaka Europa osoko lurrak artoarekin esperimentatzen hasi ziren, arrazoia oinarrizkoa da: gosea. Izan ere, XV. mendetik aurrera populazioak gorakada handia jasango du eta horrek gosea eragingo du, denentzako nahikoa elikagai ez zegoelako, edota banaketa desegokia zelako.

Baina, artoa Euskal Herrira iritsi zenetik berau kantitate handian ekoizten eta kontsumitzen hasi arte denbora luze bat igaro zen. Izan ere, lehenengo ekoizpen saioak XVIII. mendean egin ziren, baina ez ziren hasi modu egituratu batean produzitzen eta kontsumitzen XIX. mendera arte. Orduan hasiko ziren Euskal Herriko soroak artasoroz jazten, abeltzaintzaren eta pinudien gorakadarekin batera.  Beraz gaur “tradizionaltzat” dugun produktu edo landareak, gutxi gora behera 200 urte daramatza gurekin, garai horretan “sozializatu” baitzen artoaren laborantza eta kontsumoa.

Artoa jaso ondoren, libre gelditu den lursailean aukera ezberdinak ditugu. Batetik garia erein dezakegu. Esan bezala, azaroa hazi aroa da, bai haziak jasotzeko eta baita hazia ereiteko ere. Honela uzta bat jaso eta besterako lanak hasi genitzake. Aipatu behar da, gari lanak Euskal Herri osoan egin diren arren, hegoaldeko lurrak eta eguraldia egokiagoa dela lan honetarako, baina joan den mendeko 60. hamarkada arte landu da garia ipar isurialdean. Gariaren jatorriak Asia aldera garamatza, zehazki historikoki Mesopotamia bezala ezagutu den lurraldera, gaurko Siria, Jordania, Irak eta Turkia ingurura alegia. Bertako lehen zibilizazioak izan baitziren garia etxekotu zutenak, aztarna zaharrenak K.a. 8000. urtekoak dira. Euskal Herriarn berriz k.a. 4000. urte ingurukoak dira gariaren inguruko aztarna zaharrenak. Euskal Mitologiak dio, San Martintxikik Ataungo Muskiko haitzuloan bizi ziren jentilei lapurtu ziela garia, eta haien sekretua ezagutu ondoren hasi zirela euskaldunak garia ereiten. Kontuak kontu, garia erein nahi duenak badu lana azaroan.

Bestalde negura begirako landaketak ere egiteko garaian gaude: eskarolak, porrua, edo borraja esate baterako. Edota, landatu behar ez dugun lurretan berriz ongarriketak hasiko ditugu. Aukera ezberdinak ditugu: etxeko kompost organikoa zabaltzea, ganaduaren ximaurra zabaltzea edota ongarri berdea ere egin dezakegu.

Baratzea ongarriaren zain.

INGURUNEA

Udazkena baserri ingururako garai garrantzitsua da zinez.  Badator negua eta ganbarak baratzeko uztarekin betetzeaz gain, inguruneak eskaintzen dizkigun baliabideez ornitu edo baliatu  behar  izan da baserria mendeetan zehar. Lan horiek gaur ohitura gisara mantendu dira esate baterako. Baina zer baliabide emango dizkigu ba inguruneak udazkenean?

Batetik garotara joateko garaia izan ohi zen, irailetik hasi eta azaroan giroak kaskartu arte behintzat. Izan ere ez dugu ahaztu behar, azarotik aurrera ganaduak goi larreetatik ikuilurako bidea hartuko duela, eta negu guztian zehar ganaduaren oheak egiteko garoa ezinbestekoa izaten zela.

Baina horretaz gain, oraingo honetan Igartubeititik arreta fruitu lehorretan jarri nahi dugu. Gainera aukera zabala daukagu aukeratzeko ere: batetik hurra daukagu, hurritzaren fruitua dena; bestetik intxaurra daukagu, intxaurrondoaren fruitua; edota baita gaztaina ere, gaztainondoaren fruitua.

Fruitu hauetatik azaroko hilabetearekin eta oro har negu garaiarekin lotuko genukeena gaztaina da. Izan ere antzinatik datorren ohitura da garai honetan gaztainak jatearena eta batez ere azaroak 1eko egunean, erritual baten bueltan alegia,  gaur gaurkoz “santu guztien eguna” bezala ezagutzen dena, baina historikoki baita “arimen gaua” bezala ere.  Izan ere, Euskal Herriko pentsamendu zaharraren arabera urriaren 31tik azaroaren 1era bitarteko gauean  hildako familiartekoen arimak bisitan etortzen direnaren sinesmena zegoen. Harrigarria badirudi ere, duela 50-60 urte Euskal Herrian kalabazak edota arbiak hustu eta aurpegi forma ematen zitzaien. Hau da, Halloweenen festa eredua etorri aurretik ere, beste izaera eta sinesmen batekin ospatzen zen egun hau. Gaur egun ere, honen bueltan ez dira faltako gaztaina erreak.

Baina, aipatu fruituez gain, udazkenak badu beste ale eder bat, azken urteetan zokoratuta gelditu dena, baina bai gure historian eta neurri txikiago batean baita gaur egun ere badu bere garrantzia: Ezkurra alajaina.  Ezkurra zuhaitz ugaritan aurkitu dezakegun fruitua da: bai haritzarena, bai ametzarena edota baita pagorena eta artearena ere. Ezkur hitzari filologikoki begiratzen badiogu, batzuek diotenez bere fonetika dela eta euskarazko hitz zahar bat litzateke, ur, lur edota zur bezalaxe. Eta aldi berean ezkur hitzetik eratorritako abizenak edota toponimiak ere aurkitu ditzakegu: Ezkurdia edo Ezkurra herria (Nafarroa).

Esan bezala, ezkurra zenbait zuhaitzek ematen duten fruitua da, nahiz eta haritzarena izan ezagunena. Fruitua bera litzateke zuhaitz hauen hazia eta “tanino” izeneko sustantzia bat dauka. Substantzia hau bera zuhaitz osoan aurkitzen da (azalean, hostoetan), zuhaitzaren izerdiaren bitartez zabaltzen da eta beraz baita fruituan ere. Substantzia hau esate baterako larruak ondu edo gogortzeko erabili izan da.

Ezkurra Igartubeitin

Baina honetaz gain, mende luzeetan zehar Euskal Herrian ezkurra oso erabilia izan da. Izan ere zerealak erabili aurretik bai ezkurra eta baita gaztaina ere gizakiaren dietan ezinbestekoak izan dira, eta gerora zerealekin  batera ere erabili izan da ezkurraren irina. Batzuen arabera, ezkur jangarria artearena soilik da, baina zenbait ikerketek erakutsi dute haritzaren ezkurra ere kontsumitu izan dela, nahiz eta tanino gehiago izan, garbitzeko prozesu baten ostean (uretan  edo putzuetan jartzen zituzten substantzia hau kendu ahal izateko) jangarri bihurtzen zituzten.

Bai erreta, bai egosita,  baita birrindu eta irin moduan ogi edo opilak eginda ere, modu askotara elikatzen ziren ezkurrez. Estrabon erromatarrak aipatu zuenaren arabera, erromatarrak iritsi zirenean Iberiar Penintsulan zeuden herri ezberdinak urtearen hiru laurdenetan ezkurrez ornitzen ziren. Haien artean baita euskaldunak edo garai hartako baskoi eta barduliarrak ere. Zenbait historialariren arabera, ezkur eta gaztainaren kontsumo honek hein batean Erdi Aroko lehen mendeetan baskoiek Toledoko bisigodoen eta hegoaldeko Al-Andaluseko musulmanen erasoetatik defenditzen lagundu zuen, demografikoki herri osasuntsua eta ornitua izatea ahalbidetzen baitzien gaztaina eta ezkurren uztak.

Urte luze horietan zehar beraz, inguruneko basoak ezinbestekoak izan dira inguru honetan bizi izan direnentzat. Ikusi besterik ez dago 1784. urteko Gipuzkoan Pascual Madozen arabera 5.322.665 haritzondo, 4.771.502 pago, 894.683 gaztainondo edota 23.874 arte zeuden. Baserritar abeltzain eta artzainek ere ez zioten ukorik egingo ezkurrari. Bai ardi edota baita txerrientzako ere asko erabili da udazken-negurako elikagai edo janari bezala.  Badirudi XVI. mendeko Euskal Herrian ezkur ugari behar zutela, eta 1574. urtean Beizama aldean ez omen zuten nahikoa ezkur. Ondorioz Zaldibiako baserritar batekin tratua egin zuten eta honek Beizamako 260 txerri Aralar inguruko basoetara eraman zituen urritik azaro amaierara arte, txerri bakoitzeko sei erreal kobratu zituen. Abereei lotuta ez da ahaztu behar azaroa txerri hiltzeko eta odolkiak egiteko garaia ere badela, azaroko San Martin eguna alegia.

Amaitzeko, ez legoke gaizki ezkurraren inguruko gogoeta txiki bat egitea, izan ere gaur egunean nola ikusten edo ulertzen dugu ezkurra? Ezkurrak gure gizartean erabilera eta esanahi bat zuenean, ezkurra lurrera erori orduko bizkor batean joango ziren baserritar eta abeltzainak fruituak jasotzera. Gaur berriz, herrietako zenbait plaza, edota bide bazterrak ezkurrez betetzen zaizkigu. Hasiera batean irudi polita iruditzen zaigu, udazkeneko postala alegia. Baina denbora asko igarotzerako ederra zen ezkur hori oztopo edota gure plaza edo kaleak zikintzen dituen elementu bezala ikusten hasi gara, garbitu beharreko zerbait bezala. Hau da, orain dela ez askora arte, baserritar zenbaitek ezkurrak jasotzeko ohitura zeukaten, baina abereentzako pentsu industrial eta antzerakoak ohiko bihurtu direnetik gure herrigune eta inguruak ezkurrez josten zaizkigu urtero, gure gizartean ezkurrarengan ez duelako “baliorik” ikusten, garbitu eta kendu beharreko oztopo bat baizik.