Azaroa Igartubeitin

2018/11/04
Azaroak negu usaina dakar, baratzea, ingurunea eta baserria bera neguko hotzaldirako prest egon behar dute. Azaroa hitzak berak, gure historian zehar eta batez ere landa eremuetan adiera ezberdinak hartu izan ditu. Batetik azaroa hazi aroa dela esan ohi da. Historikoki zenbait zereal edo zekaleen haziak orain ereiten baitziren. Bestalde, lurrari lotutako egoera bat da, lurra ongarritzeko garaia esan nahi du. Eta azkenik aza-aroa ere esan nahi du, azakien sasoia dela, neguari aurre egiteko. Baina aldi berean, hilabete honek lotura estua du sinesmenen munduarekin, azaroko lehen egunean hildakoen arimak bisitan etortzen zirela pentsatu izan baita Euskal Herrian.

BARATZEA

Esan bezala, azaroan baratzea negurako prestatuko dugu, horretarako sasoia baita, eta hauxe bera eginez nekazari komunitateek historian zehar negu gogorrei aurre egitea lortu izan dute, gureganaino iritsi den jakintza eta ondarea sortuz eta zainduz.

Lehenik eta behin, negu osorako etxerako ezinbestekoa zen arto uzta jasotzeko garaia da. Euskal Herriko landa eremuari dagokionean, batez ere ipar isurialdean, historia asko gorde duen laborea izan da artoa, nahiz eta gaur egun ahanzturan erori. XVI.en mendean zehar sartu zen artoa Euskal Herrietan, nahiz eta beste mende luze bat behar izan artoa baserrietako sukaldeetako jaki bihurtzeko. Izan ere, lehenik abereentzako bazak bezala erabili zen, eta ondoren nekazarien jaki preziatu bihurtu zen. Artoa iritsi aurretik ordea, Euskal Herriko nekazariek beste zereal batzuk lantzen zituzten (oloa, garagarra, garia, artatxikia…) Hauetatik ezagunena garia zen. Euskal Herriko hegoaldean ugari zen baina ez ipar isurialdean eta ondorioz gari kantitate asko inportatu behar izaten zen Gaztela aldetik. Gainera garia jauntxoei errentak ordaintzeko eta elizari hamarrena ordaintzeko erabiltzen zen eta ondorioz, etxerako beste zereal bat zuten, artatxikia bezala ezagutzen dena. Baina ameriketako artoa iristen denean, lehenik borona bezala ezagutzen zena ondoren arto izena hartuko du, lehengo artatxikiari izena kenduz. Artoaren etorreraren garrantzia etxearen arkitekturan bertan ikusi dezageku, izan ere artoa ongi jasotzeko etxeaurreak handitu zituzten, lehortegia etxeari erantsiz.

Honela urrian eta azaroan zehar soroan artoa ebaki eta ganbarara jasoko dugu. Lehenengo, artatxuriketa egin behar da. Azarotik aurrera eguna mozten doanez, garai ezinhobea zen artazuriketan jarduteko. Kanpoan hotz eta iluna zegoenez, baserrietan elkartzen ziren artaburuei hostoak kentzeko. Askotan gainera, hosto bakan batzuk uzten zitzaizkion elkarren artean lotu, trentzatu modukoak eginez, eta ganbaretako sabaian edo baita etxe atarietan zintzilikatzeko. Lehortu ondoren aletzea geratzen zen. Artoaren inguruko bilkura hauetan, hainbat idazlek eta baserritarren oroitzapenek adierazten diguten bezala, ez zen abesti eta kontakizunik falta izaten. Nekazal komunitateetan ahozko trasmisioa oinarrizko ohitura zen, eta kasu askotan kantu forma hartzen zuen. Azkenik arto aleak errotara eramatea gelditzen zen, etxera irina ekarri eta arto-opil eta taloak egin ahal izateko. Negu hotzean sabela berotu ahal izateko.

 Artaburua Igartubeitin

Eta zerealekin jarraituz, azaroan jada udarako uztari begira ere jarri ohi ziren nekazariak. Izan ere, lehen esan dugun moduan, azaroa hazi-aroa bezala ere ulertu izan da, eta badu bere zergatia gainera.  Azaroan zehar egin izan baita Euskal Herrian zerealen hazien ereitea. Hau da, Ameriketatik artoa etorri aurretik soroetan lantzen ziren labore garrantzitsuenak ere orain erein behar ziren, besteak beste garia, oloa edota garagarra.

Baina azaroko lanak ez dira soilik uzta jasotzea. Datozen hilabeteei begira, hotza datorrela jakinda, landaketaren bat edo beste egiteko aukera badugu. Hilabete honen izaerari jarraiki egin dezakegu aukeraketa, aza-aroa denez, azak landatuko ditugu baratzean.  Aza familiaren baitan aukera asko eta asko ditugu, Igartubeitin aza bera landatuko dugu gaztelerazko “berza” alegia.

Baserrietan negu sasoirako, jaki ezberdinen artean aza zabalduenetakoa izan da, eta gainera gure lurretan oso ondo etortzen den landarea da. Gainera oso janari osasungarria eta aberatsa da gure gorputzerako. Baina egia esan, azken urteetan ordea izan duen ospea galdu du eta ez da hain jaki estimatua. Hala ere, negurako plater ezin hobea da, bakarrik edo babarrun eta odolkiekin jan izan da. Izan ere Azaroa odolki garaia ere bada eta. 

Landaketari dagokionean, batetik leku dezente beharko du, hostoak zabaltzean lekua behar baitu. Gainera batetik bestera uzten dugun tartearen araberako tamaina hartuko du. Bestetik, aza ezingo dugu edozein lurretan landatu. Lur egonkortua gustatzen zaio. Hau da, ez lur irauli berria, ezta oso lur azidoa ere, beraz karea edo errautsa erruz bota.  Aldi berean simaur zaleak dira eta erruz bota beldurrik gabe. Landatu aurretik, komenigarria da landaretxoaren sustraiei ura botatzea, eta ondoren landatu. Landare batetik bestera 45-50 zm-tako tartetxoa utziko dugu, lehen esan bezela lekua behar du eta. Behin landatu ondoren, lurra ongi estutu behar da, hotz garaian gaude eta. Berez azak ez dute hotzaren beldurrik eta izotzei ere ongi aurre egiten die. Hala eta guztiz ere izozte handiko negua bada, aza erre aurretik moztu eta kanpoko hostoak kenduta lasto gainean gorde, ongi iraungo du eta. Babarruna edo lekaleak egon diren lekuan landatzea ez legoke gaizki, nitrogenoa aprobetxatuko baitu.

 Aza landaketa

INGURUNEA

Urria amaitzearekin batera gelditu dira baserrietako dolareak datorren urteko sagar uztara arte. Dolareen deskantsurako garaia bezalaxe, gure ingurunea ere bide berean jarri da.  Azarotik aurrera, ingurunea begiratzen badugu, piskanaka piskanaka aldaketak nabarituko ditugu eta negurako joera hartuko du. Esaterako lehen elurren aurretik goi larretan zebiltzan artaldeak  beheko larreetara jaitsiko dira, neguko transhumantziari ekinez, leku epelago eta babesagoen bila. Aldi berean, udazken koloreak gutxitzen joango dira, eguzki argia bezalaxe, eta gure bazterrak orbelez beteko dira. Orbela bera ez da baratzerako lagun txarra, ongarri organikoa egiteko lagungarri izango baitugu.

Baina azaroan, basoetako orbelen artean ezkutaturik, Euskal Herriko historian iragan urrunetik gaur arte lagun izan dugun altxor bat aurkituko dugu, eta ez gara ondoez ari, gaztaina alajaina. Gaztaina, gaztainondoaren fruitua da. Zuhaitz hau oso zaharra dugu Euskal Herrian, k.a.V. mendetik aurrerakoa gutxi gora behera. Beraz, oso antzinakoa da euskal gizarteak gaur arte gaztainondoarekin eta gaztainarekin duen harremana. Hortik letozke gaztain erroa duten abizen eta leku izenak.  Hau neurri handi batean, antzinatik nekazal komunitatean izan duen garrantziagatik izanen da. Batetik gaztainondoaren zura estimatua izan da esaterako eraikuntzarako. Antzina erlauntzak ustutako gaztaina enborrak izaten ziren. Edota antzina, gaztainondoaren egur-ikatz zati bat aldean eramaten omen zen begizkoetatik babesteko. Bestetik berriz gaztaina funtsezko elikagaia izan da historian zehar. Izan ere, garia urria zenez, salerosketa eta abar egiteko erabiltzen zenez, eta gainera artorik ezean gaztaina ezinbestekoa zen nekazalgoaren artean. Gaztaina gordinak, gaztaina erreak, gaztaina egosiak, irin moduko bat egin eta gaztaina opila ere bai... Era askotan jateko ohitura egon da. Baina gaztainak ez ziren soilik etxerako. Harrigarria badirudi ere, lau mende atzera Euskal Herriko gaztainak Alemania, Ingalaterra edota Herbereetara saltzen ziren. Baserritarrek gaztainak bildu eta kirikiñausi deritzon harrizko gordailuetan gordetzen zituzten, kontserbatzeko, eta ondoren itsasoz merkaturatu. Gaztainaren merkatu honek batez ere Araban izan zuen garrantzi handiena, Aiara aldean batez ere.

Gaztainak morkotx eta guzti

Gaur egun negu garaian kaleetan topa ditzakegu gaztaina erreak, edota bestela Azaroak 1eko egunean jaten dira, arimen eguna ospatuz. Izan ere, azaroko lehen egunek gure kulturako sinesmenei dagokionean misterio handia gordetzen dute. Nahiz eta uste dugun Halloween ospakizuna zerbait berria dela gure artean, ez da horrela. Gure aitona-amonek ere ospatzen zuten eta etxeetan, hilerrietan edota bide ertzetan jartzen zituzten aurpegi itxurako kalabazak kandela argi batekin. Esan nahia ordea ezberdina zen. Ospatzen zena Arimen Gaua edo Gau Beltza zen, eta gau horretan hildako lagun eta familikoen arimak bisitan etortzen zirela sinesten zen. Aipatzen denez, honek antzinako mundu ikuskera bat adierazten du, eta bertan heriotza eguneroko bizitzaren parte zen, ez zen arrotza zen zerbait edota bizitzarekiko haustura iradokitzen zuen zerbait. Bizitzaren ikuspegi zikliko baten parte zen, eta egun hori ikuspegi honen adierazle da, hildakoen arimak bizidunen mundura etortzen direneko eguna. Eta besteak beste gaztaina erreak janez ospatzen zen. Askoren ustez gainera, egun honekin Euskal Herrian neguko festei hasiera ematen zitzaien udaberrira arte. Azarotik aurrera neguko eskeari ekin izan zaio Euskal Herrian, negurako jakiak biltzeko eskeak zirenak.

 

 

 

 

Azaroa Igartubeitin

Igartubeiti negurako prestatzen