Azaroa hazitarako garaia

2020/11/10
Azaroak izen asko ditu: hazilla zemendia, lenabendu.. Baserritarren hilabetea zenbakiekin baino gehiago aroari, urteko sasoiari, egin beharrei edo lan-arloari begiratuz osatu izan da. Gizarte aldaketekin ordea, zenbakiak lehenetsi ziren, gaztelerazko izenek erakusten duten moduan.

Hilabeteen izenak beraz, zerbait esan nahi zuten eta izaera sinboliko edo kultural agerikoa dute.  Informazioa,  eta are gehiago ezagutza biltzen dute. Ez da lehenengo edo bigarren edo 11. hilabetea. Gauza zehatz bat burutzeko, lan partikular batzuk egiteko edota loraldi zehatz baten sasoia adierazten zuten. Nolabait ere izenean ezagutza hori bilduta geratu da. “Izena duen oro da”.  Ahozkotasunean oinarrituriko kultura hartan hizkuntzaren aberastasuna erabili izan da idatziz jaso gabe ohiturak eta ezagutza gordeta gelditzeko, trasmisioa eman dadin. Zenbaki bat jartzetik ezberdina da beraz. Munduari begiratzeko eta antolatzeko ikuskerak dira. 

Eta azaroak ere baditu bere izenak, eta beraz baita bere izanak ere. Hauexek dira bildu ditugun batzuk: 

  • Azaroa edo Hazila: Haziaren aroa edo hazitarako aroa esan nahi du. Hau da hazia ereiteko eta jasotzeko ezaugarri egokiak dituen aroa edo garaia dela alegia. Esate baterako, ereiteko giro egokia dagoenean “azaro ona” esaten da. Hau da, lurra, hezetasuna eta eguzkia hazia erein eta garatzeko kondizio egokietan dauden garaia adierazi nahiko luke.

  • Zemendia: Latinezko “semen” hitzetik dator. Eta latinezko bere adiera originala hazia litzateke. Besteak beste ereintzarako zerealen haziak adierazteko erabiltzen zen. Beraz esan dezakegu euskarazko azaroaren esanahi berdina duela, latin jatorrian.

BARATZEA

Haziarekin jarraituz, hilabete hau ereintza ugari egiteko garaia da, batez ere zerealak: garia, garagarra, zekalea, etab. Hau ondoren uzta bezala jasotzeko edo udaberrian, apiril-maiatz inguruan moztu eta abono berde bezala erabiltzeko. 

Bestalde,  duela gutxi ereindako hazia  ari da bere forma hartzen Igartubeitiko baratzetxoan. Arbia laster jasotzeko moduan egongo da. Ez da hain ezaguna, eta gaur egun gutxiago, ez baita gaurko gure gizartaren elikaduraren parte. Historian zehar ere, esan liteke ez dela erabat gizakiaren elikagai bezala ulertu, nahiz eta horretarako ere erabili izan den, baina batez ere ganaduarentzako bazka izan da. Neguan luzeetan zehar ganaduari ematen zitzaion arbia. Baserritarrari ez zion lan askorik ematen, eta gainera hotzari eta izotzari errez aurre egiten dion laborea da.  Gaur egun, arbia bera ez baina, laster, neguan zehar haziko zaion zurtoin  edo “gara” leku askotan jaten da. Arbi-gara bezala ezagutzen da. Arrasate eta Bergara inguruan jaten dute, eta estimu handia diote. 

Bestalde azaroa haziaren aroa izateaz gain, ongarritzeko aroa ere bada, batez ere neguari begira. Beraz, konposta edota ximaur eta uarrak prestatu eta baratzeetan zabaltzen hasteko sasoia iristear da. Inguruko belazeetan esaterako baserritarrak hasiak dira lan hauek egiten. 

Eta zer landatuko ote dugu? Aukera erraz bat, eta lan askorik emango ez duena tipulina edo porru tipula da. Porruaren eta tipularen arteko zapore nahasketa duela esan liteke. Hala ere ez du tipulak bezala erraboila ematen, bere hosto edota loreak dira erabiltzen ditugunak, belar fin bezala. Gaur egun gainera lorezaintzan ere erabiltzen den landarea da. Landatzerako garaian, lurra ongi ongarritu behar da eta eguzkiak joko dion leku batean landatu. Hotzak ez dio asko eragingo baina itzalak bai. Sorta ugaritan hazten da. Negua igaro ondoren bakandu eta beste lekutxo batean landaberritu. Gure jakiei freskura emateaz gain erleentzako ere landare eraginkorra da. 

INGURUNEA

Azaroan udazkenean murgildurik, azken fruitu batzuk jasotzeko aukeran gaude oraindik. Sagardoa egiteko erabili ez ditugun sagarrak esaterako. Iraungo diguten sagarrak nahi baditugu errezil sagarra orain jaso eta gorde ganbaran. Gaztain, ur eta intxaurrak ere hor ditugu. Baita ezkurra ere nahi izanez gero. Baina bada agian oso ezaguna ez den fruitu bat, eta oraindik orain zenbait baserriren inguruetan ere aurkitu dezakeguna: mizpira

Mizpira, izen bereko zuhaitzaren fruitua da. Izen zientifikoari dagokionean, Mespilus Germanica, ulertu genezake Alemaniako fruitu arbola dela. Baina dirudienez Asia mendebaldeko eta Europako hego ekialdeko inguruetan du jatorria. Asia mendebaldetik Grezia aldera zabaldu zen K.A. 700. urte inguruan. Eta bertatik zabaldu zen erromara, hauek izan zirelarik Europan zehar zabalduko zutenak. Erdi Aroan sona ona izan zuen elikagaia izan zen baina gaur egun, mizpira Japoniarraren etorrerarekin mizpira eropearraren gutxitze bat egon da. Nahiz eta 5m-tako altuera hartu dezakeen, arbusto tankerako zuhaitza dela esan liteke. Bere fruituak, mizpira, ondo heldutu ondoren jasotzen eta jaten dira, marroixka kolorea hartzen dutenean. Eta bestalde, bere zura euskal makilak egiteko ere erabili izan da. 

Baina fruituetatik haratago urte sasoi honek esanahi edo izaera berezia duela esan daiteke. Euskal Herrian udazkena urte sasoirik ederrena dela esaten da. Koloreak, hego haizea, perretxikoak, fruitu andana… Horrek guztiak ere  udazkenaren inguruko halako iruditegi berezi bat sortu du, ez soilik hemen, baizik eta baita beste zenbait tokietan ere. Udazkena urte sasoi batetik bestera igarotzeko bidezidorra dela esan dezakegu. Udatik negurako jauzia apalago egiten duena. Udaberri eta udarak ekarritako naturaren jolas-aldi eta frenesi hori mantxotzen doa. Geldialdi naturalaren sasoiarako sarrera. 

Zeltiarrak ere ohartu ziren horretan, erritmoaren pausatze horretan alegia,  eta esate baterako udazkena zahartzaroarekin lotu zuten. Zuhaitz batzuk zituzten horren adierazle gisara.  Gaur guk inguruan ikus ditzakegunak. Horietako bat lertxuna da. Bere hostoei erreparatzen badiegu zuhaitz berezia da, oso mugimendu berezia dute eta bere hostoek. Txurten luzea dute eta hori dela eta haizerik xumeenak ere dantzan jartzen ditu. Bere izen zientifikoa populu tremula da. Tremula-k mugimendua esan nahi du. Eta udazkenean bere hostoek gainera kolore ederra bereganatzen dute. Baina ez da arrazoi honengatik, edota bere zur zuriarengatik lotu zahartzaroarekin. Esate baterako bere zura sendi baten jatorriaren armarriak lantzeko erabiltzen zen  Armarri horrek leinu edo jendarte horren jatorria adierazten baitzuen. Eta zer hobeagorik, antzerako esanahia zuen  zuhaitzaren zura erabiltzea bezalakorik. 

Antzerako esanahi bat duen zuhaitza bat ere badugu gure inguruan. Udazkena iritsiagatik ere hostoak berdetan jarraituko duten zuhaitzetako bat eta ez zaizkio eroriko. Hagiña dugu bera. Zahartzaroarekin zuzenean ez du loturarik baina urte luzez bizitzen denez (2000 urteko bizia izan dezake) baserri inguruetan edo jauregi inguruetan haginen bat baldin bazegoen etxe horren eta bere leinuaren jatorri noblea eta antzinakoa adierazten zuen. 

Bere zura ere oso erabilia eta eraginkorra izan da, bere gogortasunarengatik.  Orotariko lanabesak egiteko eta esate baterako Igartubeitiren kasuan, dolare zaharreko ardatza egiteko hagina erabiltzen zen. 

Ez horregatik bakarrik, hagina euskaldunentzat zuhaitz sakratua eta gurtua izan da. Hara hor, Gipuzkoako armarrian ikus ditzakegun hiru zuhaitzak haginak dira. Hala, erabakiak haritzen eta baita haginen inguruan ere hartzen omen ziren antzinako gizartean.  Filologo batzuek arrazoitzen dutenez, agindu edo aginte hitzak eta esanahiak ere baliteke hortik eratorriak izatea. Hau da, agindua edo agintea kontsentsuari lotuta zegoen, erabaki edo adosteari alegia.  Botere eta sakratutasun handiko zuhaitza izan behar zuen beraz gure arbasoentzat. Ganadua edota etxea bera tximista eta izpiritu txarretatik babesteko ere erabili ohi zen. 

Azaroko lehen egunetarako ere esangura berezia izan dezakeen zuhaitza da. Izan ere, gaur ale gutxi geratzen diren arren, bazterretan ikus daitezke oraindik. Batzuk leku berezietan gainera. Hilerrietan esate baterako. Badirudi botereraren zuhaitza izateaz gain, arbasoen hileta zuhaitza ere izan dela. Beraz azaroko lehen egunaren baitan, arimen gauean gurtzeko moduko zuhaitza izango zen agian. Behar bada bere fruitu gorrixkaren kanpoko mamia kenduta, zuhaitzaren zati guztiak pozointsuak direlako emango zioten hileta zuhaitzaren zentzua.  Auskalo, baina egun hauetan haginen batekin topatzen bazarete zergatik ez agurtu?