Artatxikia ahanzturan
Uztailean, garia jaso ondoren erein zitekeen artatxikia. Ale hau ereiteari ordea garia ereiteari baino askozaz lehenago utzi zitzaion, XVII-XVIII mende artean gutxi gora behera. Ogia, gariaren eta artatxikiaren irinarekin egiten zen. Baina beti urri eta eskas izaten zen. Lurrak ez ziren onak, euri gehiegi eta aldapa asko, eta lehertu arteraino lan egin arren, sekula ez zuten nahiko uzta izaten sabela betetzeko, eta gosea asetzeko, itsasoko gariaren zain egon behar izaten zuten.
"Indietako artoa" esaten ziotena iritsi arte. Ameriketatik iritsi zen zereal berria, Euskal Herrikoa baino handiagoa eta produktiboagoa zenez, ordura arteko artoa artatxiki bihurtu zen, eta Ameriketako arto-handia. Denborarekin ordea, artatxikia erabat ezabatu zen baserriko soroetatik eta Ameriketako zereala “arto” bihurtu zen, artatxiki zaharrari izena eta lekua ostuz.
Artoa oso ondo eta bizkor hazten zen, lastoa ere luze luzea, aleak ere lodiak eta irina horia eta itsaskorra, taloak egiteko ezin hobea. Baina kontuz ibili behar zen, artaburuak zuritu eta gero, hilabete batez lehortzen egon behar zuten, ondo aireztatutako toki batean, lizundu egiten ziren bestela. Igartubeiti baserrian ganbara berria egin zuten horretarako eta bide batez etxe guztia zaharberritu zuten.
Ondorengo bideoan, Maria Salete, Ezkioko Urkiola baserriko errotariaren alargunaren kexak entzun daitezke, artoaren hezetasunagatik.
"Maria Salete naiz, Migel Sagaztizabalen Urkiolako errotariaren alarguna. Bizitza osoa daramat errotarriak biraka ikusten, baina honelakorik ez dut sekula ikusi orain arte. Lehen arazorik gabe ehotzen genituen Ezkiotarrek ekartzen ziguten artatxiki eta gari guztia. Baina azken aldian Indietako arto madarikatu hori ekartzen dute eta orain irin horiak oso hezea denez errotarriak gerarazten ditu eta egun osoa ematen dut garbitzen. Horrela jarraitzen badugu errotarriak aldatu beharko ditut".