Arineketan "Iragan besta"
Arineketan taldeak kontzertua eskaini zuen Igartubeiti baserrian urriaren 5ean.
Bertan, "Iragan besta" kanta, "Zaharrak Berri" diska liburuan argitaraturiko lana eskaini eta grabatu zuten. Tradiziozko euskal kantetan nekez aurki dezakegu emakumeen aisia horren ongi islatzen duen kantarik.
Ahotsa: Oihana Iguaran
Silbotea: Jagoba Astiazaran
Pianoa: Iñar Sastre
Biolina: Xabier Zeberio
Biolontxeloa: Nora Lopez
Bideoa: Aitor Arruti
Ainhoa Ansak kanta honi buruzko gogoeta hau partekatzen dugu zuekin:
"Zeinen polita lau emakumeren arteko jolas giroa. Haien arteko konplizitatea, konfidantza eta lotsagabekeria elkar zirikatzerakoan!
Trukean ez dira leku askotan aritzen gaur, baina emakumeek ederki “dominatzen” duten jokoa da gure inguruan. Gure amonak, txoriak ere trukean aritzen zirela esaten zuen: batek, “lau hiruko, lau hiruko” errepikatzen omen du. Besteak “laua ere bai? Laua ere bai?” eta azkenak “truk truk, truk truk…” botatzen omen die desafioa besteei.
Eta emakume hauek, “harri txabat-txabal baten gainian” jarrita, kartak partitu orduko ekiten diote elkarri. Gezur eta broma artean, keinua egin dela eta ez dela, ttantta bat edo beste soberan hartu izanaren errezeloa libreki elkarri adieraziz…
Gizonik gabeko gunean daudela nabari da, izan ere, garai batean, jokua ere gizonen esparrua izango baitzen, aisia eta xurruta bezalaxe. Eta gaur iruditzen ez bazaigu ere, emakume hauek garaiko iraultzaileak izango zirela ikusten dut nik gaurko begiekin".