Ardiak mendian gora

2021/05/13
Maiatza artzainentzako hilabete berezia da, zeregin ugari dituzte eta. Ardientzako ere berezia da maiatza, aldaketa ugari izango baitituzte

Maiatzean sartzearekin batera, baserri inguruetako ardi ugari Aralar eta Aizkorriko goi-larreetara igotzen hasiak dira jada. Batzuk han izango dira eta besteak bidean. Bide hau mende luzez egin dute artzain ugarik. Enirio-Aralarko mankomunitatea, aurrez Villafranca eta Amezketako batasuna bezala ezaguna , 1412an sortu zen. 1400.urtean. Enrique III-ak Juan de Amezketa jaunari larre hauek eman zizkion. Eta Juan de Amezketak ondorengo herri hauei eman zizkien lurrak: Amezketa, Abaltzisketa, Orendain, Baliarrain, Ikaztegieta, Legorreta, Ordizia, Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Itsasondo , Gaintza, Lazkao eta Zaldibia.

Lur hauek 1.757 hektarea dituzte, eta aurrez aipatutako herri horiek guztietako artzainek eskubidea dute larreak, ura eta txaboletarako su-egurra libreki erabiltzeko.

Udaberrian ere ardiek ematen duten esnea bikaina izaten da, udaberriko belar berriaren indarra du esneak. Esaterako, mamian hau izugarri nabaritzen da, baita gaztan ere. Azken batean, produktuaren kalitatea animaliaren bizi kalitatearen eta elikaduraren araberakoa izan ohi da, eta beharrezkoa da hau azpimarratzea.

Zelaietako udaberriko belar horrek gantz asegabeen proportzio altuak izan ohi ditu, eta horrek ardien metabolismoan du eragina. Elikadura-mota hori dutenean, elikadura-prozesuan zenbait konposatu sortzen dira. Gero hauek animaliaren odolak xurgatuko ditu, eta ondorioz esnearen konposizioa ere aldatuko da. Gantz hauek ezinbestekoak dira animaliaren eta gure gorputzaren funtzionamendu egokirako. Sistema kardiobaskular, immunitate edo biriketako prozesu metabolikoak erregulatzen dituzte eta. Azken batean, animalia bera osasuntsuago egongo da garai honetan.

Belar freskoa jaten duten sasoian egindako gazten gantzaren konposizioa nabarmen hobetzen dela ikusi izan da ikerketa ugaritan. Azken batean, “nolako bazka, halako esnea eta gazta”.

Bada beste lan garrantzisu bat artzainen egutegian; udaberrian ardiei ilea mozteko garaia izaten da. Udan sartu aurretik mozten zaie ilea (lekuaren arabera lehenago edo beranduago), horrela udako beroari aurre errazago egingo baitie ardiek. Baita ere neguan, baina garai horretan ipurdialdea soilik, batez ere errepeak bistan geratzeko.

Oso garrantzitsua da ardiei ilea moztea euren osasun egoera onean izango dela bermatzeko. Ilea moztuta infekzioak, sor daitekeen ikusezintasuna edota pisa egiteko zailtasunak ekiditen dira. Titi aldeak ere garbi mantentzen dira eta hau ere oso garrantzitsua da.

Ardiak mendian gora

Ardiak larrean.