Arbia ereiteko garaia

2023/08/22
Hala egin dugu Igartubeiti baserriko baratzean.

Abuztua dagoeneko neguari begirako hilabetea izan da baserritarrarentzat, hala dio esaerak: “abuztuan azkenerantz, eguna doa indar beherantz”. 
Gaur ahazturan dagoen landare bat ereiteko garai aproposa zen gainera. Kasu honetan ez zen zuzenean gizakiarentzat izango, baserriko beste bizilagun batzuk asetzeko erabiliko zen: arbia.

Arbiaren jatorriari buruz ez dago gauza garbirik. Badirudi k.a. XV. mendean Indian arbia ereiten zela erakusten duten aztarnak badirela. Europan berriz aipu idatzia 1620 ingurukoa da, biologo suitzar batena, basa landarea zela zioen. Oso adierazgarria da aldi berean Europa iparraldeko sukaldaritzan ohiko jakia izatea. Ingalaterra aldean berriz XVIII. mendean arbiarekin nekazaritza esperimentuak egiten hasi ziren.

Euskal Herriko landa historiari dagokionean, jakinekoa da arbia artoa baino lehenagoko laborea izan dela baserrietan. Abuztuan zehar ereiten da. Ohitura zen abuztuaren 10tik-14ra bitarte ereitea (San Lorentzo egunetik San Bartolome egunera, baserritarren egutegiaren arabera). Esate baterako Gabiria aldetik abuztuak 16ko arratsean edo 17an ereiteko ohitura zegoen.

Arbia oro har ganaduarentzako bazka izaten zen. Abuztuan erein eta neguan ganaduak, batez ere behiek, estimu handiarekin jango zuten jaki preziatua zen. Baserritarrari lan askorik ere ematen ez ziona gainera. Erein ondoren, udazken aldera zenbait hosto kenduz garbitu egin behar zen eta ingurua ongarritu. Ondoren neguan lurretik atera eta zertxobait garbitu ondoren zuzenean abereei ematen zitzaien. Ez zegoen ganbaran gorde beharrik. Neguan jaso eta neguan bertan abereei emateko zen.

Baserritarrak estimua zion arbiari izozteei eta hotzari ongi egiten baitzion aurre. Hala eta guztiz ere, XIX. mende amaiera eta XX. hasiera aldera nekazal teknikoek ez zuten iritzi bera. Eta beraien helburua gutxika-gutxika arbia erremolatxarengatik ordeztea zen. 

Baina arbiaren historioa ez da hor bukatzen. Gaur egun ere, Euskal Herriko sukalde bakan batzuetan aurkitu daitezke bere aztarnak “arbigara” forman. Zer ote da arbigara? Abendutik aurrera arbiari, bere hostoetatik zurtointxo bat garatuko zaio. Zurtoin horri, beste landareei ere hazten zaie porruari esaterako, gara deitzen zaio, eta hortik dator “garatu” esanahia. Beraz, arbiari hosto artetik garatzen zaion zurtointxo horri deitzen zaio arbigara. Arrasate aldean oso estimatua duten jakia da, eta oro har baita Euskal Herri osoan ere. Gainera gerra garai eta gose garaietan, artoa eta azarekin batera arbia ere baserrietako heltzekari nagusietako bat zen. Hala aipatu zuen behintzat beinhola Mogelek Peru Abarka lanean: “Gure lapikoko arbi, aza ta okela zantarra urre biurtuko jako bere auan”.