Antioko XXXI. Musikaldia
Irailak 6an hasiko da Zumarragako Antioko XXXI. Musikaldia, Donostiako Conjunto Barroco taldearekin. Kalakan taldeari Easo gizonezkoen abesbatzak hartuko dio lekukoa, eta Easoko kantariek Kirmen Uribe poeta bizkaitarra izango dute bidelagun; Uribek testuak irakurriko ditu. Antioko kontzertuei Garikoitz Mendizabalek eta Aitor Furundarenak emango diete amaiera txistua eta eskusoinua uztartuz.
Azken emanaldia Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserrian izango da urriaren 4an. Mathilde Bernard, Sara Esturillo (arpa), Ane Agirre (biola) eta Dario Castañeda (txirula).
Kalakan&Friends-ek irailaren 13an kontzertua eskaintzeaz gain, ikuskizuna grabatuko du Zumarragako ermitan, eta handik ateratako materiala hurrengo single-a munduan barrena aurkezteko erabiliko dute. Horrenbestez, Antioko baseliza ezagutzera emango dute nazioartean.
Antion ez dira bakarrik egongo, Katia eta Marie Labeque ahizpak ondoan izango dituzte. Munduko orkestra garrantzitsuekin jo duen piano bikotea osatzen dute Baionan (Lapurdi) sortutako ahizpek.
Lagun taldearen baitan Kukai dantza taldeko dantzariak ere izango dira, baita Oreka TX eta Stonny Boyz dantzari taldea ere.
Antioko baselizan lekuak mugatuak direnez, kontzertu honetarako Zumarragako Udalak gonbidapenak banatuko ditu aurrez eskatzen dutenen artean. Eskaera egiteko 943 72 35 10 telefonora deitu behar da. Eskaera egiten dutenen artean zozketa egingo da behar izanez gero, eta zumarragarrei lehentasuna emango diete. Eskaerak irailaren 1, 2 eta 3an egin ahal izango dira.
Egitaraua Antion
- Irailak 6. Donostiako Conjunto Barroco. Zuzendaria: Sergio Zapirain.
- Irailak 13. Kalakan&Friends.
- Irailak 20. Easo Abesbatza Kirmen Uribe poetarekin.
- Irailak 27. Garikoitz Mendizabal txistularia eta Aitor Furundarena eskusoinu jotzailea.
Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira. Kontzertu guztietara joateko doako autobus zerbitzua jarriko du Zumarragako Udalak, 19:00etan, parrokiatik irtenda.
Egitaraua Igartubeitin
Urriak 4. Mathilde Bernard, Sara Esturillo (arpa), Ane Agirre (biola) eta Dario Castañeda (txirula). Kontzertua 18:00etan izango da. Doako autobus zerbitzua izango da 17:30etan, parrokiatik irtenda.