Agur 2016

2017/01/05
Igartubeitik 15 urte bete ditu 2016an eta saiatu gara Museoa publiko mota ezberdinei eskainitako jarduera anitzen bitartez, ondarearen gizarteratzera zuzendutako egitasmoak antolatzen.

Baserriari lotutako gaiak kontutan izanik, sorkuntza garaikidea sustatzen ahalegintzen gara.

Abenduan, “Areago. Istorioak belarrietara Kontakizunak” euskarazko kontakizun laburren lehen eta bigarren deialdian saritutako kontakizunak biltzen dituen argitalpen ilustratua aurkeztu dugu.

Nader Koochakiren “Soineko Paisaia” (209-2015) Gipuzkoako ehun burutik gorako artaldeen zintzarri hotsen artxiboa ere izan dugu Igartubeitin irailaren 24tik.

Urrian, Sagardo Astea ospatu dugu, sagar prentsaketa, kirikoketa, antzespenak eta gastronomiari lotutako dastaketak antolatuz.

Musikak ere izan du bere tartea, Ensemble Diatessaron taldeak Godalet diska aurkeztu eta grabatu du Igartubeitiko dolarean, iadanik salgai duguna bertako dendan.

Igartubeiti Baserri Museoan familiei zuzendutako bi tailer antolatzen ditugu hilero. Adin goiztiarretatik hasita, ondarearekiko sentsibilizazio eta errespetu guneak sortzea eragiten duten zenbait jardueren bitartez, bereziki familiekiko harremanean eta loturan lan egiten dugu. Hurbileko eta famili giroaren bitartez eta lengoai ezberdinen bitartez, txikitxoek beraien ingurunea ikuskatzen ikasten dute, era berean ingurunearekin elkar eraginez, beraien jakin-mina eta sormena piztuz. 2017an ere ildo beretik jarraituko dugu, zenbait artista eta artisau gonbidatuz tailerrak eskaintzera.
Igartubeiti Famili Txartela Baserri Museoa eta herritarren artean, bereziki familien artean, hurbiltasun harremana sortzea helburu duen tresna da.

Jasangarritasun gaiari eskaini diogu Baserri Eguneko jardunaldia, "Ezkio-Itsasoko Zela baserriaren historia eta zaharberritzea" solasaldiarekin eta bisita gidatuarekin eman genion hasiera. Ondoren, helduek xaboiak egiten ikasteko aukera izan zuten, umeek buztina lantzen zuten bitartean. Bazkaldu eta gero Josu Bergarak kontzertua eskaini zuen.

Ekainean, "2016 Bidea"-ko 14. etapa Igartubeitin hasi zen. Parte hartzaileek bisita gidatuez, gatz usaindunak egiteko tailerraz eta Bertatik Bertara dastaketaz gozatu zuten.

Museoen Nazioarteko Eguna ospatu genuen, Aintzira Oñederrak eta Izibene Oñederrak eskainitako. Paisaiaren bilakaera (Nolakoa litzateke gure ingurua baldin eta…?) familientzako tailerrarekin. Igartubeitiren iraganera, gaur egunera eta etorkizun fantasiosora bidaiatzeko gonbidapena, artistek kontatutako hiru ipuinen bitartez. Proposamen honekin parte hartzaileek material eta teknika ezberdinak erabiliz, paisaia berriak sortu zituzten. Irudimenari zabaldutako mundua!

Igartubeiti baserria maiatza hasierako egun batzuetan Migel Joakin Eleizegiren jaiotetxea, Altzoko Ipintza baserria bilakatu zen, Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzentzen duten Aundiya pelikulako filmaketak direla eta.
Bizkaiko Old Port Films ekoiztetxea Islandian 1615ean eraildako baleazale euskaldunen inguruko dokumentaleko zati batzuk Igartubeitin grabatu zituzten martxoan.

Helduei eta haurrei zuzendutako Hazien inguruko tailerrekin eman zitzaion hasiera "Emakumeak Landa ingurunean IV. Jardunaldia"ri. Bazkaldu eta gero, "Amama" filma ikusteko aukera izan zen, Asier Altuna zuzendaria bertan zegoela ondorengo solasaldian. Haurrek bitartean, gailetak egin zituzten.

Urrian egindako sagar zukua sagardo bihurtuta dastatzeko aukera izan genuen martxoan Igartubeitin. Ekitaldiari hasiera emateko Urretxu-Zumarragako bertso eskolako Gorka Azkarate eta Asier Sasieta aritu ziren bertsotan. Ondoren, Yartuko lehendakariaren hitzak eta Bitorino, Juan, Jose Luis, Pedro, Luis Mari eta Joseba, Igartubeitiko dolarea martxan ipintzeko lanetan diharduten pertsonei omenaldia, bertsoak, sagar dastaketa, jana eta trikitixa.

Urtarrilean, FITUR-en, Euskadiko Enogastronomia Museo eta Guneen Sarea aurkeztu genuen. Villa-Lucia Ardoaren Gune Tematikoa, Txakolingunea (Bakio), Sagardoetxea Euskal Sagardoaren Museoa, Igartubeiti Baserri Museoa (Ezkio Itsaso), Gaztaren Interpretazio zentroa (Idiazabal), Ordiziako D’elikatuz Gastronomia eta Elikadura Zentroa, Tolosako Gorrotxategi Konfiteria zentroa dira Euskadiko Enogastronomia Museo eta Guneen Sarea osatzen dutenak. Sare honen helburua da euskal geografia gastronomi ikuspuntu batetik ezagutzera emango duten esperientziak eta proposamenak sortzea da.
Aurten ere FITUR-en izango gara GASTROMUSEUMS marka berria eta komunikazio euskarri berriak sortu ditugunez, besteak beste webgunea eta tarjetoiak aurkeztuko ditugu bertan.

Eskerrik asko Igartubeitin antolatutako jardueretan, bisita gidatuetan parte hartu duzuen guztioi.

Agur 2016

Ensemble Diatessaron taldea