Agur 2015 urteari

2015/12/21
Laister agur esango diogu 2015 urteari eta errepasoa egiteko garaia da. Igartubeitin aurten ere saiatu gara Museoa publiko mota ezberdinei eskainitako jarduera anitzen bitartez, ondarearen gizarteratzera zuzendutako egitasmoak antolatzen.

Igartubeitin otsailean Ikus-berriz-bizi, ondarearen didaktikaren inguruko esperientziak eskaini genituen, Gure kaxa ilustratua 4tik 12 urte bitarteko haurrei eta beraien gurasoei eskainitako tailerra eta 3. DBHko ikasleei zuzendutako Video express tailerra. Bitartean-ek, artean eta hezkuntzan adituak diren pertsonez osatutako elkarteak eskaini zituen bi tailerrak, baita martxoan Hezkuntza zerbitzuen teknikarien III. Topaketan  "Non gelditzen dira gorputzak? Ondarera hurbiltzeko estrategiak" izandako hezkuntza tailerra ere. 

2014ko urrian bertako dolarean egindako sagar zukua sagardo bihurtua dastatzeko aukera izan genuen martxoan bertsoetaz lagundurik. Amaren alabak taldearen ahots goxoez ospatu genuen Emakumeen Nazioarteko Eguna

Apirilean, Ezkio-Itsasoko zenbait emakumek ehungailu euskarri karratuan antolatutako ehungintza ikastaroan parte hartu zuten. Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, berriz, German Díaz-ek eta David Herrington-ek bihotzaren taupaden erritmoetan oinarritutako musika ikuskizuna eskaini zuten.

Ekainean ospatutako Baserri Egunean, erleen garrantziaz ohartzeko aukera izan genuen erlezaintzari eskainitako jarduerari esker. Bestalde, Maite Iturralderen eskutik, Ezkio-Itsasoko XVI. mendeko Salete baserrian bisita gidatuaz gozatu ahal izan genuen. 

Urte osoan zehar hilabetero bi larunbatetan tailerretan parte hartzen duten eta Igartubeiti Famili Txartela duten familiek bertako baratzerako txorimaloak egin zituzten urria hasieran. Urola Garaiko Xanber hirukoteak kontzertu bikaina eskaini zuen Igartubeitiko dolarean. Aurtengo Sagardo Astea ere arrakastatsua izan zen eta bertaratutako bisitariek baserriaren bihotza, hau da, dolarea martxan ikusteko aukera izan zuten.

Abenduan, Areago. Istorioak belarrietara euskarazko II. Kontakizun lehiaketa martxan ipini dugu.  Euskararen eguna ospatzeko, Hitzekin jolasean lehiaketa ere antolatu dugu Zumalakarregi Museoarekin eta Untzi Museoarekin lankidetzan. 

Igartubeiti, Baserria Natur Eskola Bizia eta Bertatik Bertara egitasmoetan lanean dihardu. 

Patrim sarean, ondare zentroen mugaz haraindiko pirineoko sare egitasmoan parte hartuko du ere Igartubeitik. 

Webgunea ere berritu dugu eta ingelerazko zein frantzezesko bertsioan ere kontsulta daitezke zenbait atal. 

Eskerrik asko Igartubeitin antolatutako jardueretan, bisita gidatuetan parte hartu duzuen guztioi eta 2016an ere gonbidatzen zaituztegu gurekin batera Igartubeiti Baserri Museoaren 15 urteak ospatzera. 

 


Agur 2015 urteari

Igartubeiti Zorionak eta urte berri on