Agate Deuna bezpera, otsailaren 4ean

2011/02/01 neguko festak
Euskal Herriko herri askotan koplak kantatu eta diru edo janari eske ateratzen dira. Juan Garmendia Larrañagak Neguko festak liburuan aipatzen dituen Matximentako usadio eta koplak bildu ditugu.

Juan Garmendia Larrañagak Neguko festak liburuan adierazten duenez, Matximentan Agate Deuna egunean festa egiten dute. Bezperan, goizetik baserriz baserri eta etxerik-etxe eskean ateratzen dira.
Brusa eta larruzko abarkak jantzirik, gazteek dultzaina, danborra eta idi adarra lagun, eskean doazela adierazten dute.
“Taldeko norbaitek zaku zuria eramaten du, emandako lukainkak jasotzeko, azkeneko urteetan dirua ematea zabalduta badago ere.”
Garmendiak dioenez, dolua duten etxe-atarian, urtean gorpua ateratako baserrian, txapela kendu eta kirieleisonak errezatzen dituzte.
Beste baserrietako ateetan bertsolariaren agurra izaten da:

Illaren bian Kandelario
Bostian Santa Ageda.
Usarioa galdu eztedin
Etorri gera eskea.

Bertsolariaren ondoren taldeak errepikatzen du, dultzainak eta danborrak lagunduta.

“Gero koplariak edo predikadoreak Santa Agedaren bizitza abesten du, ondoren etxeko nagusia agurtzeko, eta taldeak gauza bera errepikatu:

Nagusi jauna aurrera
Erreberentzia lurrera
Lotsaz gerala etorri gera
Jauna berorren aurrera.

Alkate jaunaz
Egondu gera
Atzoko arratsaldian
Libertadia gerekin degu
Ibiltzeko pakian,
bestela sartuko gaituala
kalabozo illun batean.

Etxe onetako nagusi jaunak
Urre gorrizko bizarra.
Urre gorrizko bizarrarekin
Diamantezko espalda.
Berori bezin gizon presturik
Erri honetan ez al da.

Etxekoandre zabala
Etxe ontako alaba
Or bidean esan digute
Limosnagillea zerala.

Etxekoandria orra ona
Zere gauzaren doi ona
Paskua goizian jantziko ditu
Bere soiñian amar gona.

Txuri-nabarrra azpiko,
Gorri ederra gaiñeko,
Andria zeure parerik ez da
Plaza bat onratutzeko.

Etxekoandria nun zera
Goiko ganbaran al zera
Lukainkatxo pare batekin
Etorri zaitez atera.

Lukainkarik ematen ez bazieten, abesten zuten:
Tolosatikan beratxuan da
Erri txiki bat Irura
Besterik ez bada
Igual da ere
Ekartzen badezu dirua.

Ezkio-Itsason arratsaldeko 19:00etan aterako dira Yartu elkarteko kideak koplak kantatzera panderoa eta trikitixa lagun.
Bost gune desberdinetan egingo dute geldiunea: Itsasoko herri gunean, Alegin, Santa Lutzia-Anduagan (Etxeberrialden eta Pikota aurrean), eta Ezkioko herrigunean. Festa amaitzeko afaria izango dute Ezkioko ostatuan.

Juan Cruz Mujikak Antzuolan festa hau nola bizi zuten kontatzen du Ahotsak.com-en.