Abuztua Igartubeitin

2019/08/02
Abuztuko esaerak honela dio: “abuztuan azkenerantz, eguna doa indar beherantz”.

Abuztuan uda bete-betean gabiltza. Berau da, uztailarekin guretzako hilabeterik beroena. Baina baserri eta landa inguruetan ez da izango deskantsurako eta oporraldirako asti handirik. Izan ere, negurako ganbara betetzeko egin ahaletan murgiltzen hasteko garaia da nekazarientzat, hotzari eta goseari aurre egiteko. 

BARATZEA

Besteak beste honako hauek landatzeko garaia da: aza, azalorea, erromaneskua, brokolia, uraza, kukulua, eskarola,  kardua, zerba,  borraja, arbia…

Uztaileko egun nahasien ostean, udazken eta negurako lanak egiten hasteko ez da sasoi txarra. Aukera zabala da esaterako azakietan, familia honen baitan landare mota asko bait ditugu. Esaterako azalorea, aza bera, brusela aza, erromaneskua.. Abuztuan erditik aurrera landatzeko landareak dira hauek. Uzta udazken eta neguan emango dute. Agian garaiz dela usteko dugu baina landare hauek denbora behar dute hazteko eta fruitua emateko. Beraz, hasi gaitezen pixkanaka ditugun uztak jasotzen eta azakientzako lekua prestatzen. 

Abuztua iristearekin batera jaso ditugu Igartubeitin lehenengo piperrak. Aurtengo honetan udarak erakutsi digun aurpegi gogorraren ondorioz, beroaldi izugarriak egin baititu uztailean zehar, Igartubeitiko piperrak kalbario latzak ari dira pasatzen. Zenbait pipar landara oraintsu hasi dira lorea ematen, berez berandu xamar denean. Eguzkia gustuko dute piparrek, baina egin dituen bero-saldekin pipar-landare asko igartu egin dira. Hala ere beste batzuk indar betean daude eta hemendik aurrera ale ederrak emango dituztela dirudi. 

Piperrak Igartubeitiko baratzean

Baina edo lekak ere jaso ditugu. Hasieran zorriak gogor erasotu zituen leka landareak, baina azken euriteekin bere onera etorri dira eta ale eder batzuk jasotzeko aukera izan dugu. 

Loratu diren porruak jasotzeko garaian gaude. Lehenago baserrietan, lortutako porruak moztu eta jaso egiten ziren. Lehortzeko zintzilikatu eta ondoren haziak jasotzen zituzten, hurrengo urtean berriro landatzeko. Berdina gertatzen zaio tipulari ere. Landareak hazten jarraitzen du eta adar moduko txorten edo enbor luzexka bat hazten zaio “gara” deitzen zaiona, hortik dator “garatu” hitza. 

INGURUNEA

Udaran ugariak izaten diren beroaldi ondoren etortzen diren  haizete handiek, kazkabarrak eta euriteek beraienak eta bi egiten dituzte. Hala eta guztiz ere, ekaitzaren ostean hainbat lore eder erne zaizkigu.

Harrigarriena ekilorearena (gazteleraz girasol bezala ezagutzen dena) da. Izan ere, baratzeko hainbat ertzetan, oharkabean ekilorea agertu zaigu. Iaz landatu genuen txoko batean baina igartu egin zitzaigun. Ondoren landarea konpostagailura bota genuen eta hara non, ongarria baratzeari nahastu ondoren bertan joango ziren ekilorearen haziak ernaldu eta landare ederra agertu zaigu bat-batean. Oraintxe ari da lorea zabaltzen. Ea zorterik izaten dugun. 

Ekilorea Igartubeitiko baratzean

Bestetik, fruta landare batzuk abuztua dotore asko hasi dute. Batetik baratzeko zuhaixka ezberdinetan kiribiltzen ari den mahatsondoak mahats ale ederrak emango dituenaren seinaleak eman ditu. Lehengo baserrietan mahatsek baserriko horma guztia hartzen zuten. Hauek ordea ez dira ordea ardotarakoak, jan mahatsak dira.  Baina atentzioa beste mahats mota batek bereganatu du, “andere mahatsak, gazteleraz “grosella” bezala ezagutzen denak. Adaxka batzuk ihartuta dituen arren fruitu ederrak eman ditu. Izan ere etengabe berritzen ditu aldaxkak. Fruituak basaranaren antzekoak dira baina biguinagoak. Lehenago elikagai bezala erabiltzen ziren. Bizi biziak dira eta mermelada egiteko ere erabiltzen zen.  Oraindik mikatz samarrak dauden arren, laster jateko moduan egongo dira.  

Andere mahatsa Igartubeiti aurrean

Anekdota moduan, begiradarik finenak, historian zehar zeresana eman duen fruitu basatia begiztatzeko aukera du Igartubeitin, hagiñaren fruitua. Fruitu txiki gorri bat da, eta adi adi begiratu behar da ikus ahal izateko. Hainbat iturrik diotenaren arabera, fruitu hau sorginek erabiltzen zuten beraien akelarretan. Izan ere, fruitu honek propietate aluzinogenoak ditu, eta kantitate handietan jaten bada heriotza ere sor dezake. Akelarretan erabiltzen zenaren ustearekin, XVI, XVII eta XVIII. mendeetan instituzio eta autoritate ezberdinek hagiñak errotik mozteko agindua eman zuten, honela sorginak eta sorginkeriak kontrolatu ahal izateko. 

 

Haginaren fruitua