Abuztua: baserritarra arbiaren peskizan ibiltzen zenekoa

2020/07/30
Uda beteko hilabete honen izenek gure kulturak historian zehar izan dituen gertaera eta harreman sareen izaera ere agerian uzten du

Agorrila daukagu batetik. Udako eguzkiaren beroari loturik letorkeen izena itzateke, “agorra” edo “idorra”. Hilabete honetan euri gutxi egiteaz aparte, eguzkiaren beroak lurra lehortzen duelako, hara hor nondik datorren bere izena. Bestalde, “Dagonila” izenez ere ezagutu izan da. Azken hau nahiz eta ez izan hain ezaguna, esan liteke hilabete honen adiera “berriena” dela, Arana Goirik 1897an sorturiko neologismoa baita. 

Baina urteko 8. hilabetearen adiera orokortuena abuztua dugu. Augusto Enperadore erromatarrak utzi zigun izena da. Izan ere enperadore hau orain abuztua deritzogun hilabetean hiru aldiz garaile iritsi zen Erromara han hemenka izan zituen guduetatik, eta garaipen haien omenez hilabete honi augustus izena ezartzea agindu zuen, gaurko euskarara abuztu bezala iritsi zaiguna.

Horra hor beraz hilabete berbera izendatzeko euskarak dituen adiera ezberdinak, denak ere erro kultural anitzetatik datozkigunak.

Baina baserriari gagozkiolarik, abuztu hitza, hilabete honetako baratzeari lotuta, uzta izendatzera ere igaro zen. Hala Leizarragak esaterako “abuztua biltzea” deitzen zion uzta biltzeari. 

BARATZEA

Hilabete honetan orotariko uzta edo “abuztua” jasotzeko aukera dago baratzean. Gaur egun gainera, erraztasun teknologikoak eta aurrerapide biologikoak direla eta landare txundigarri ugari landatu edo ereiteko aukera dugu gure baratzean. Oro har ordea, ez dira faltako leka, uraza, kuiatxo, tomate, azelga eta piperrak besteak beste.

Baratzea uztaila amaieran

Baina jaso bakarrik ez. Abuztua dagoeneko neguari begirako hilabetea ere bada edo izan da baserritarrarentzat. Eta gaur ahazturan dagoen landare bat ereiteko garai aproposa zen gainera. Kasu honetan ez zen zuzenean gizakiarentzat izango, baserriko beste bizilagun batzuk hasetzeko erabiliko zen: arbia.

Arbiaren jatorriari buruz ez dago gauza garbirik. Badirudi k.a. XV. mendean Indian arbia ereiten zela erakusten duten aztarnak badirela. Bestalde, greziar eta erromatar aro helenistikoan ere landare hau landatzen zenaren aztarnak badaude, beraz Asia aldetik mediterraneoan zehar zabalduta zegoela esan liteke aztarna hauen arabera. Europan berriz aipu idatzia 1620 ingurukoa da, biologo suitzar batena, basa landarea zela zioen. Oso adierazgarria da aldi berean Europa iparraldeko sukaldaritzan ohiko jakia izatea. Ingalaterra aldean berriz XVIII. mendean arbiarekin nekazaritza esperimentuak egiten hasi ziren. 

Euskal Herriko landa historiari dagokionean, jakinekoa da arbia artoa baino lehenagoko laborea  izan dela baserrietan. Abuztuan zehar ereiten da. Ohitura zen abuztuaren 10tik-14ra bitarte ereitea (San Lorentzo egunetik San Bartolome egunera, baserritarren egutegiaren arabera). Esate baterako Gabiria aldetik abuztuak 16ko arratsean edo 17an ereiteko ohitura zegoen. 

Arbia oro har ganaduarentzako bazka izaten zen. Abuztuan erein eta neguan ganaduak, batez ere behiek, estimu handiarekin jango zuten jaki preziatua zen. Baserritarrari lan askorik ere ematen ez ziona gainera. Erein ondoren, udazken aldera zenbait hosto kenduz garbitu egin behar zen eta ingurua ongarritu. Ondoren neguan lurretik atera eta zertxobait garbitu ondoren zuzenean abereei ematen zitzaien. Ez zegoen ganbaran gorde beharrik. Neguan jaso eta neguan bertan abereei emateko zen. 

Abuztuan eriten da arbia

Baserritarrak estimua zion arbiari izozteei eta hotzari ongi egiten baitzion aurre. Hala eta guztiz ere, XIX. mende amaiera eta XX. hasiera aldera nekazal teknikoek ez zuten iritzi bera. Eta beraien helburua gutxika-gutxika arbia erremolatxarengatik ordeztea zen. Tekniko hauen arabera erremolatxak arbiak baino balio nutritibo handiagoa du. Baina baserritarraren ereintza egutegiari erreparatuz gero erremolatxak arazo ugari zituen. Izan ere artoaren garai berdinean erein behar zen, eta beraz artasoroa txikitu behar zen, horrek baserritarrarentzako ekar zitzakeen kalte eta galerekin. Eta bestalde, erremolatxa ganbaran gorde behar zen gainontzeko produktuekin batera eta horrek lekua eskatzen zuen. Gainera fermentatu eta galtzeko arriskua zegoen. Beraz, nekazal teknikoen “berritze” nahiari baserritarren “beharrak” kontrajartzen zitzaizkion, arbiaren afera honetan. 

Baina arbiaren historioa ez da hor bukatzen. Gaur egun ere, Euskal Herriko sukalde bakan batzuetan aurkitu daitezke bere aztarnak “arbigara” forman.  Zer ote da arbigara? Abendutik aurrera arbiari, bere hostoetatik zurtointxo bat garatuko zaio. Zurtoin horri, beste landareei ere hazten zaie porruari esaterako, gara deitzen zaio, eta hortik dator “garatu” esanahia. Beraz, arbiari hosto artetik garatzen zaion zurtointxo horri deitzen zaio arbigara. Arrasate aldean oso estimatua duten jakia da, eta oro har baita Euskal Herri osoan ere. Gainera gerra garai eta gose garaietan, artoa eta azarekin batera arbia ere baserrietako heltzekari nagusietako bat zen. Hala aipatu zuen behintzat beinhola Mogelek Peru Abarka lanean: “Gure lapikoko arbi, aza ta okela zantarra urre biurtuko jako bere auan”. 

INGURUNEA

Abuztua zeltek hurritza gurtzen duten garaia da. Eta badirudi Europako baztar ugaritan landare honi lotutako erritual ugari egin izan direla, eta zenbaitetan balio sinboliko berezia eman izan zaiola. Esate baterako ugalkortasunari loturikoa. Hurritzaren fruituak, hurrak, bederatzi hilabete behar ditu ugaltzeko, gizakumeak bezalaxe eta hori dela eta ugalkortasunaren inguruko ekintza eta erritualetan erabiltzen dira hurritzaren elementu ezberdinak. 

Hurritza

Euskal Herrian ere, eta batez ere baserri inguruetan, berebiziko garrantzia izan du hurritzak. Bere izenak ere zer edo zer iradokitzen du.  Ur bazterretan landatzen zuten zuhaitza zen. Hau da, ur ixuri eta ibai harroak adierazteko erabiltzen zen bai eta lur-sailen mugak ondo markatzeko ere. Baliteke bere fruitua izendatzeko erabiltzen den izena, “ur” horri loturik egotea. Honela izen berean jakia eta edaria izendatzen dira. Historian zehar lurralde hauetako jendearentzat garrantzia izan duen fruitua izan denaren seinale. 

Horregatik eta beste zenbait arrazoi medio, baserri inguruan ez da inoiz falta izan hurritzik. Baratze eta etxe inguruan heskai natural gisara erabili izan da. Eta bere zura, makil luzexkak egin da erabilera askotarako baliagarriak izan dira: baratzeko parrak egiteko, antzinako etxolen hormak egiteko, itxiturak egiteko, etab. Bere azala ere, xehe xehe moztuta lokarri eta soka bezala ere erabili izan da. Bestelako sokarik ez zegoenean eta plastikoa iritsi aurreko garaietan, hurritzaren azalaz soka sendoak egiten ba omen zekiten baserrietako jendeak.