Abendua Igartubeitin

2019/12/15
Abenduarekin batera datorkigu negua. Hilabete honek ordea gure lurretan barrena izendapen ugari jaso ditu: loia edo lotazila (lo egiteko hilabetea), neguila, beltzila edota hotzaroa. Gaur erabiltzen dugun abendu hitzak ordea beste esanahi bat du, beste modu batera baina neguarekin ere lotu dezakeguna, izan ere latinezko “adventus” hitzetik dator, “jainkoaren etorrera” esan nahiko lukeena. Neguak beraz, bere hasieran eten bat dakar, atseden bat eta lo zorro bat, batez ere gure inguruan nabarituko duguna. Eta baserriak historian zehar neguak zekarren eraldaketara egokitu behar izan du: hotzera, ilunera eta bustira alegia.

BARATZEA

Neguari begira, baratzeko lanetarako ezinbestekoa dugu hotza kontuan izatea. Hotz eta izotzei aurre egiteko zailduta dauden landareak beharko baititugu. Euskal Herriko baratzeetan ohituak gaude negu sasoian porru, azelga edota azak ikusten. Baina badira aukera gehiago ere, entsalada zaleak diren horien gozamenerako: eskarola edo osterzuria bezala ere ezagutua.

Eskarola, txikoria edota endibiaren familia berekoa da. Historian zehar mota ugari bereizi izan dira eta bakoitzak bere lantzeko modua duela esan daiteke. Eskarolari dagokionean, bi multzo nagusi daude: hosto leuna (chicorium endivia var, latifolium) eta hosto kizkurra (chicorium endivia var. crispum).

Ez dakigu argi bere jatorria, izan ere bai Asia hegoaldean eta baita Mediterraneoan ere garai historiko berdinetan landu izan baita. Zehatz jakin daitekeena da antzinako Egipton, Grezian edota Erroman kontsumitzen zutela. Esate baterako, dokumentu egipziar zenbaitetan eskarola gordinik edota egosita jaten zutela aipatzen da. Europan berriz, eskarola jateko ohitura XIII. mendean errotu zela esan daiteke. 

Eskarola orokorrean landare mikatza da. Oso antzinatik jan den elikagaia da, hasiera batean osasun ikuspegi batetik eta gaur egun, pixka bat gozatuta neguko entsaladetan. Letxuga edo urazaren aldean, eskarolaren hostoak gogorragoak dira, eguraldi txarraren aurrean zailduta daudenaren seinale.  

Eguzki, eta  aldi berean freskura eta itzala gustatzen zaion landarea da eskarola, eta noski ongi ondutako eta simaurtutako lurra behar du. Hala ere, simaur edo ongarri asko botatzen badugu, eskarolaren hostoak asko zabaldu eta handituko dira eta barraskilo eta bare askoren gordeleku ezin hobe bihurtuko dira, gure elikagai izan ordez. 

Udazkenetik aurrera lasai asko landatu ditzakegu eskarolak, Esan bezala hosto gogorra duenez hotzari ongi aurre egingo diete eta neguan zehar. Esan bezala lurra ongi simaurtu eta nahastu behar da, baina ez pasa simaurrarekin. Ondoren 40 zm-ko tartetxoa utziz lurrean zulotxoa egin eta bertan landatu landaretxoa. Negu lehorra badoa sakon eta maiz ureztatu.

Uzta jasotzeko berriz, ohartzerako etorriko zaizkigu, ipurditik moztu, ongi garbitu eta jateko moduan izango gara. Eskarolaren mikaztasuna gutxitzeko hostoa zuritzea gomendatzen da. Horretarako gainaldean tapaki bat jartzea nahikoa da, astebetez edo horrela utzi, eguzkiak ez dio joko eta hostoak zuri zuri geratuko dira, eta xamurragoak izango dira. 

Baina esan bezala, abendua lotazila edo hotzila ere bada. Baserritarrek izen hauek ez zituzten arinkeriaz asmatzen, ingurunearen ezagutzan oinarritutako izenak dira. Gertatzen ari ziren eraldaketa guzti horiek laburbildu eta beraien modura azaldu ahal izateko izenak, eta noski behin ikasitako ezagutza hori mantendu eta ondorengoei erakustarazteko, kultura egiten ari ziren alegia. 

Bada hau kontutan hartuta, abendua hotz aroa dela esan liteke, eta hotzak lur barneko indarrak uzkurtu eta gogortzen ditu, eteteraino, lurra lozorroan jartzeraino. Ondorioz, baserritarrak lurrari bere atsedenaldian ere laguntzen dio, ongarriz osatutako tapaki epel eta sendo bat bere gainean ezarriz, hotzetik babesteko eta elikagaiez ornitzeko Beraz badakizue, zatitxo batean eskarolak landatu eta bestean berriz lurra ongarritu. Aldi berean ez da sasoi txarra inguruko orbel eta adartxo txikiak jaso eta ongi gordetzea, gerora ongarri bezala erabili ahal izateko. 

INGURUNEA

Neguak hotza dakarrela esan dugu eta gure landare, animalia eta abarrak lozorrora doaz. Gure ingurunea beraz apaldu egingo da, baina gizakiok, neguari aurre egiteko basoko sosegua asaldatzeko garaian gaude urte sasoi honetan. Izan ere abenduan eta negu guztian zehar egurrak garrantzi berezia izango du, argiari eta beroari lotuta, bai material gisara baina baita arima eta magiaren ikuspegitik.

Izan ere, pentsamendu magiko edo tradizionalean, abenduko garaia ez da ez nolanahikoa. Neguaren sarrera da, eguzkia lurrarekiko erlazio horretan bere punturik baxuenera jaitsiko da, zikloa amaitu eta berriro hasteko, etenik gabe. Hori dela eta zenbait antropologoren arabera, (Barandiaran, Aranzadi, Leizaola, Satrustegi, Douglas…) “eguberri”, “egun-berri” litzateke, edo are gehiago “eguzki-berri”. Hau da, neguko solstizioarekin, eguzkia berritzen hasiko da, indartu ondoren lozorrora doan inguru “natural” hori indartsu esnarazteko udaberrian…

Horregatik eguberrietako gauean argiak eta suak ere garrantzia berezia zuten. Etxeetako sukaldeetako suak ospakizunaren erdigunea ziren, eta hori dela eta ezin zen edonolako surik piztu, egun horretarako zehazki aukeraturiko su-egur berezia pizten zen “subila” izenekoa, gau guztian zehar sua piztuta mantentzeko moduko egur zatia izan behar zuen (haritza, pagoa, gaztainondoa…), eguzkiak egin gisan, etxeko sua ere berritu egin behar zen bero eta argi berriak etxea goxatu zezan. 

Baina noski, egun horretan bakarrik ez, negu guztian zehar beharko zen egurra etxea bero mantentzeko. Horregatik, beste behin gure ingurunean arreta jarri eta basoetara joan behar dugu, hantxe aurkitzen baita etxeetako sua pizteko egurra, oraindik ere zuhaitz forman. Negua da gainera sasoirik onena sutarako egurra mozteko, landareen izerdia moztu egin baita eta enborra barrutik lehorrago baitago. Eta ilbeheran bada hobeto. Honela egurra lehorra eta trinkoa, sendoa izango da. Hau da, izerdirik ez duenez egurra itxiagoa da eta erretzen zailagoa izango da, suak eta beroak gehiago iraungo dutelarik. Honela egur gogorra mozteko garaia da: lizarra, artea, gaztainondoa, olibondoa, haritza…

Baina ulertu behar duguna  basoak izan duen izaera soziala da. Basoaren ustiaketak landa eremuko komunitate ezberdinen biziraupen eta ekonomiaren baitan egon da eta dago.  Hau da, basoko zuhaitzak gizartearen eskura jarri ahal izateko, mendeetan zehar gizakia basoaren parte izan da, basoak habitatu dituela esan daiteke. Izan ere, zuhaitzak moztu, su-egur bihurtu eta hiri, herri etxe, burdinola, ontziola eta abarretara  garraiatu behar zen ondoren. Horrek, gaurko baliabideak ez zeuden garaietan estruktura eta sare izugarri bat behar izatea ekarri zuen. 

Honi loturik eta aldi berean abenduko gabon sasoiari loturik, egurraz gain badugu beste elementu berezi bat: ikatza. Eta honek ere basora garamatza, basoa habitatu izan duten gizaki haiengana, egurra ikatz bihurtzen zuten ikazkinengana alegia. Gabonetako Olentzeroren figurari esker eta Montxo Armendarizen Tasio filmari esker badakigu zertxobait ikazkin hauen inguruan, baina zer? Nor ziren? Nola lan egiten zuten? Zergatik hainbesteko lilura ikazkinaren figurak?

Egurra ikatz bihurtzeko, ikazkinak baso eta mendi aldera joaten ziren maiatza iritsi orduko, eta ia udaberrira arte bertan jarduten zuten. Hau da, hilabete hauetan zehar ikazkinen bizilekua basoa izaten zen. Oraindik orain, mendi magaletan ikus daitezke txondorren eta ikazkinak bizi izan ziren etxolen aztarnak. Ikazkin hauek, baserri eta herrixketako jendea ziren. Baserriko oinordekotzatik kanpo geratu eta ogibide baten beharrean ikazkin jarduten zuten, ugazabaren basoak ustiatuz ikatza egin eta berau ondoren burdinolei saltzeko. 

Lehenik eta behin zuhaitzen adarrak moztu behar zituzten (“trasmoche” bezala ezagutua), izan haritza, pagoa, gaztainondoa, lizarra… eta neurri eta forma egokia eman behar zitzaion. Ondoren, egurra ikatz bihurtzeko lekua prestatu behar zuen. Esan bezala,  lan guzti hau baso eta mendi inguruetan egiten zuten, ezin baitzuten hasi milaka kilo egur herrietara jaisten bertan ikatza egiteko, honek lana asko zaildu eta luzatuko baitzien. Beraz, baso eta mendi magaletan egiten zuten. Malkar ugariko lekuak zirenez, lurra berdindu eta borobil formako oinarri bat prestatu behar zuten, lurra ongi zapalduz. Bertan eraikiko baitzuten “txondorra” izenez ezagutzen den egurrezko mendia, egurra egosi eta ikatz bihurtzeko.

Borobil horren erdian makil luzeska bat jartzen zen zutika, 3 eta 6 m bitartekoa. Eta makila honen inguruan moztutako egur zatiak jartzen ziren. Beheko zatian oinarri zabala eginez borobil forman eta gero gorantza estutuz inbutu forma hartu arte. Ikatza lortzeko egurra egosi egin behar da, eta hori lortzeko eraikitako egitura guzti hori ongi estali behar da. Estalki bezala garoa, goroldioa eta lurra erabiltzen zuten. Lurrari dagokionean, ez zen komeni lur oso buztintsua izatea, eta beraz onena aurretik erabilitako lurra izaten zen. Behin dena ongi estalirik goialdean zuloa uzten zitzaion. Txondorraren ondoan su eder bat egiten zen eta bertako sugarrak txondorraren goikaldeko zulotik barrura bota behar ziren. Honela bero horrekin, erabat erre gabe, oxigenoari sarrerarik ez baitzitzaion uzten (zulo txikiren bat edo beste soilik). Ondoren goiko zulo hau ere garo eta lurrarekin estaltzen zen azkenik, barneko egur guztia egosi eta ikatz bihurtzeko.

Noski, prozesu honek ordea bere denbora behar zuen, gutxienez egurra ongi egosteko bi aste behar izaten ziren, eta txondorrak zenbat egur zeukanaren arabera agian hilabete bat ere bai. Behin egosita eta egurra ikatz eginda, hozteko prozesua hasten zen. Goiko tapakia kendu eta piskanaka lur guztia kendu behar da barruko ikatza atera, zabaldu eta hoztu dadin. Ikatz guzti hau dena, zakuetan bildu eta idi pareekin menditik burdinoletara eta herrietara eramaten zuten.

Basoan hilabete luzez egoten zirenenez, esan liteke gaur egun halako misterio puntu bat duen ofizio bezala ere geratu dela, askotan Olentzerori lotutakoa. Baina misteriotsu izateaz gain, halako figura fantasmagoriko bat dela esan liteke ikazkinarena. Izan ere, 4 hilabetez basoan bizitzen ziren  etxolatxo batean herrira jaitsi gabe eta bertakoekin harremanik izan gabe. Horren adibide bezala Ezkio eta Itsaso inguruan XVI. mendean zehar bizi izan zen Martin Beisagasti ikazkinaren kasua daukagu. Dokumentu batean aipatzen duenez, bere ugazabaren aginduz Kizkitza inguruetako basoetan jardun zuen  lanean 500 karga ikatz ateratzeko. Esaten duenez, aizkora, manta eta lapiko bat soilik eman zizkion mendira joateko eta 4 hilabete igaro zituen garbitu gabe eta herrira jaitsi gabe, eta ikatzaren bila mendira igotzen zirenek kontatzen omen zioten bere herriko berri. 

Abenduko egun hauetan mendi aldera joaten bazarete adi ibili gero, ikazkin zaharren istorioak oraindik ere bertan gordeta baitaude eta..