“Apirila on ikusi nahi duenak 100 urtez behar du bizi"
BARATZEA
Apirileko egunak xelebre xamarrak diren arren, baserritarrak ongi daki lanerako sasoia dela, bestela zergatik jarri ote zien urte sasoi honi jorraila izena? Hau da lurra jorratzeko hilabetea. Izan ere baserritar askori entzungo diozu, egin ahalak egiten hasteko garaia dela, baina funtsean apirilaren eskuetan egongo zela nekazalgoaren eta artzainen “joku guztia” .
Apirilak bereak eta bi egin da ere, nekazalgoari, lehen eta orain ez zaio lanean jarraitzea besterik geratzen. Zenbait historialari eta antropologok diotenez, nekazalgoa izan da nahiz eta jakin bere lanak ez duela errentagarritasunik izango, bere ohiko jarduerarekin jarraitzea besterik geratzen ez zitzaion subjektu historikoa.
Gauzak horrela, apiril hasiera lurraren mantenu lanekin jarraitu eta amaitzeko garaia izango da, maiatzerako lehen landaketak egin ahal izateko. Ongarri berdeak nola dauden begiratzeko garaia da, leku batzuetan maiatzera arte agian itxaron beharko da, baina laister mozteko moduan izango gara, lurrari materia organiko eskerga ederra emanez. Edota bestela ohiko bideei jarraituz ongarri organikoa eta karea ditugu.
Ongarria eta loraldia aipatuz hona hemen Igartubeitiko konpostagailuan gertatu zaiguna. Iaz loretzen utzi genituen porruak baratzetik atera eta konpostagailura bota genituen. Eta ohartzerako, hazi haietatik porru landarea erne zaigu konpostagailuan bertan, oraintxe garatzen ari dena eta ekaina aldera loratuko zaiguna.
Baina apirileko landaketei ekiteko honako landare hau aukera berezia litzateke: mihilua
Landare hau, gehien bat espezia bezala erabili izan delako ezagutuko dugu, baian agian ez da oso ohikoa Euskal Herriko baratzeetan topatzea, eta topatzekotan agian hego isurialdean. Mediterranear landarea dugu, eta bere lehenengo aipuak antzinako Egiptotik datozkigu, duela 3000 urte, eta digeritzen laguntzeko landare ona zela aipatzen zuten. India aldean berriz, ezaugarri afrodisiakoak dituela aipatzen zuten. Geroxeago, Erromatarrak izango ziren mihilua espezie bezala erabiltzeko ohitura zabalduko zutenak. Ondoren Erdi Aroan zehar Europa osoan zabaldu zen, eta batez ere XVI. mendetik aurrera errotu zen bere landaketa. Erdi Aroko Europan mihiluak sorginkeriei aurre egiteko botere bereziak zituela sinesten zen, eta hori dela eta udarako solstizio egunean etxeetako ate eta lehioetan zintzilikatzen omen zen, batez ere Europa erdialdean eta Italia aldean. Haurdun zeuden emakumeentzako ere erabiltzen zen Erdi Aroan.
Esan bezala, landare mediterranearra da eta beraz erraz lehortzen diren lur eta toki eguzkitsuetan ederki etorriko da. Ongarria asko gustatzen zaio. Landare handia egiten da, beraz lekua ongi hautatu behar da. Martxo erdi aldetik aurrera eta apirilean zehar landatu daiteke. Beste aukera bat zen otsailean zehar hazia ereitea. Uzta uda amaiera aldera jasotzen hasiko gara eta udazkenean zehar luzatuko zaigu. Mihiluaren zati guztiak erabili izan dira: hostoa eta hazia, zurtoina, erraboila… Gainera bere usaina oso bereizgarria da, anis eta erregalizaren antzekoa.
INGURUNEA
Apiriletik aurrera gure ingurunearekin gertatuko denaz ohartzeko ingurura begiratu besterik ez dago. Eta horrekin ulertuko dugu apiril hitzaren nondik norakoak, eta bere esanahia.
Izan ere, latinera eta kultura klasikora jotzen badugu, ikusiko dugu Ovidiok aprilis hitza darabilela zabaltze edo irekitzear dagoen hori izendatzeko. Beraz esan liteke aprilis-etik letorkeela gaur darabilgun apiril izena, nahiz eta antzina jorraila erabili. Gainera, esanahia bera urte sasoi honetan ingurunean gertatzen ari dena azaltzeko ezin hobea da. Naturaren zabaltze eta irekitzea, edota leherketa ere esan liteke, udaberriaren eginkizuna da. Hori dela eta ez da ez harritzekoa antzinako garaietan urte sasoi hau Erromatarrek Venusi eskaintzea, maitasunaren eta edertasunaren jainkosari. Euskal Herriko baserritarrak berriz inguruko mendietako haitzuloetara begira jarriko ziren, ea Mari ikusiko ote zuten edo ez. Bera baita eguraldia halakoa edo bestelakoa izatearen erantzule demiurgikoa.
Leherraldi hau, nabarmena izango da gure inguruneko zenbait landare edo zuhaitzetan. Apiriletik aurrera izango baititugu gure bazterretan loraldi ederrenak. Gure ingurumarietan lehenak loratzen gereziondo eta almendrondoak izaten dira. Eta egun batzuk barru, ezinbestekoak diren sagarrondoek ere loraldi paregabeak eskainiko dizkigute. Igartubeiti inguruan ordea, beste zuhaixka ezagun bat loratu zaigu, bere loretxo txiki bakanekin, elorri beltza edo basakana. Erromatarrek sasoi hau Venusi eskaintzen zioten bezala, Zeltek sahatsaren hilabetea bezala izendatu zuten, izan ere ahuntz sahatsak (salix caprea) ere udaberri hasieran ematen du bere lorea. Eta gaztela zaharrean berriz beste lore batean pausatzen zuten begirada bertako nekazariek udaberriaren etorreraz jabetzeko, lila lorearen loraldian alegia, “amañililioak” euskaraz.
Gure zentzumenek honelako gertakari ikusgarriak erraz hautematen dituzte, kolore eta usain leherketen garaia da eta. Baina baserritarrak zentzumenak ongi findu ditu mendeetako behaketen ondorioz, horixe baitzen denboraren joan etorrien berri izateko zuen teknologia: zentzumenen bitartez ingurunea irakurtzea. Horretarako esaterako begirada findu eta aztarna txikien bila hasiko zen, intsektuak ere informazio iturri izan baitira baserritarrarentzat: amona-mantangorriak, tximeletak, sugandilak eta ziraunak…
Esate baterako udaberri garaian, goizaldean armiarmaren bat aurkitzen bazuten eguraldi txarraren seinale omen zen, arratsekoa berriz onaren iragarlea. Begirada finduta, inguruko basoetara baliabide bila irteten zirenean adi adi ibiliko ziren, udaberriko lehen perretxikoak etxeratzeko asmoarekin, eta zorterik bazuten aurkituko zuten udaberriko zizaren bat edo beste. Izen hau ematen zaio martxo amaiera eta apiril hasieran ateratzen direlako. Igartubeiti inguruan zizarik ez dakit aterako den baina apirileko irekialdia ederki asko adierazten dute ezkurrek. Udazken neguan lurrera erori eta orain irekitzen hasi dira, haritz txikiak ernetzen ari direlarik.
Baina ez begirada bakarrik. Entzuten zituzten soinu eta melodietan ere nabarituko zuten udaberria. Guk gaur udarako abesti ezagunak berehala ezagutzen ditugun bezala, antzina baserritarrak txori kantuak ederki asko bereizten zituen, eta zein txoriren kantua zen arabera bazekien ze urte garaitan zegoen. Ezagunena kukua litzateke. Edota enarak ere udaberri garaia adierazten dute, orain hasten direlako habiak egiten. Eta ingurunearen eragin hau arkitekturan ere topa dezakegu. Izan ere, Igartubeiti bezalako zurezko eraikuntzak egiten zituztenean XV-XVI eta XVII. mendeetan, zutabe nagusiak elkarrekin uztartzeko, arotzek mihiztadura teknika ezberdinak erabiltzen zituzten eta haietako bat enararen buztanarena da. Zutabe edo soliboak elkarrekin lotzeko teknikak enararen buztanaren irudia hartzen baitu.
Udaberriaren irudia, batez ere XVIII eta XIX. mendeetako erromantizismoaren eraginpean, garaiko edertasun kanonen irizpideen harira irudikatu izan da nagusiki: lore koloretsu, paisaia berde eta garbiak, nekazari osasuntsu eta indartsuak… Udaberria, ideia filosofiko eta erromantiko bezala artista askoren lanetan topa dezakegu, landa eremuari eta inguruneari arreta berezia eskainiz. Eta egun berezi hauek bizi ditugunez, udaberria eta nekazariak ardatz dituzten 3 pintura ekarri nahi genituzke gogora Igartubeitin, etxetik mugitu gabe kulturaz eta gure baserritarren historiaz eta lanaz gozatzen jarraitu ahal izateko, artelanek gure inguruaren berri ere ematen baitute.
Batetik Jean Francoise Millet artista frantziarraren lanak dauzkagu. XIX. mendeko artista bat izan zen. Nekazari familia batekoa jatorriz, bere lanen erdigunea nekazal mundua izan zen, eta esan liteke nekazalgoaren defendatzaile sutsua ere izan zela. Artista honek, industrializazioarekin eta orduan eman ziren iraultza ezberdinekin batera landa eremuen huste prozesua bertatik bertara bizi izan zuen, eta hau dena bere lanetan ikusi daiteke. Bere lan askoren artean honako hau hautatu dugu:
Le Greffeur, edo txertaketa. Bertan nekazari familia bat zuhaitz zahar batean adaxka berria txertatzen ageri dira. Udaberri garaian egiten den lana da hauxe.
Bestetik Ramiro Arrueren arte lan bat ekarri dugu. Jatorriz bizkaitarra, Parisen jaso zuen formakuntza, baina bere lanetan nabarmena da Euskal Herriarekiko lotura. XX. mendeko artista honek industrializazioa bete betean bizi izan zuen, eta honen aurrean bere lanetan euskal baserri edo nekazal munduko erreferentzia tradizionalak izan zituen ardatz.
Les Travailleurs au champ artelanean, XX. mende erdialdera arte apirilean baserritar orok egiten zuen lana ikus daiteke: lurra laiarekin lantzea.
Azkenik Aurelio Artetaren arte lan bat aukeratu dugu. XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako artista bizkaitarra dugu berau, Euskal Artisten Elkartea sortu zuenetako bat. Bere artelanetan garai hartako gizartearen adierazpenak dira. Batetik nekazalgiroko obra ugari pintatu zituen eta aldi berean gizartearen parte zen beste muturra, industrializazioa. Euskal Erromeria lana da honako hau, baserriko lanen ondoreneko jai giroa adierazten duena.